Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu Orkestra Sinfonikoko irregulartasunen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria 2016ko ots. 16a, 09:10

Argazkia: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak operazio arraroa egin zuen UNICEFekin Kontuen Ganberaren txostenak dioenez.

Urtarrilean Nafarroako Kontuen Ganberak foru erkidegoko orkestra sinfonikoaren kudeaketari buruzko txostena argitaratu zuen, zenbait irregulartasun nabarmenduz. Asteartean azalduko ditu Gobernuak txostenaren ondorioz hartuko dituen neurriak.

Besteak beste Orkestrako kudeatzaile ohi Florentino Brionesek kobratu zuen 92.777 euroko gainsoldata berretsi du Kontuen Ganberako txostenak. 2012an onartu zen Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen bidez kopuru hori ordaintzea, Brionesek soldata hobea eskaintzen zion lan bat hartuko zuela adierazi ondoren.

UPNren esku zegoen Nafarroako Gobernuak urte hartan Brionesen soldata murriztu zuen, besteak beste kudeatzaile ohia Antena 3 kateko Adictos al lujo saioan agertu izanak eragindako polemikaren erdian. 2014ra arte izan zen Orkestraren kudeatzaile postuan, aipatutako gainsoldataz aparte urtean 140.000 euro inguru kobratuz Diario de Noticiasen irakurtzen denez. Ondoren, PP alderdiaren aholkulari lanetan aritu da Madrilen.

Bi erakunderen arteko diru-mugimendu arraroak

Ez da txostenak agerian utzi duen diru-mugimendu bitxi bakarra izan. Kontuen Ganberak nabarmendu duenez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren atzean dauden bi erakundeek, Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak eta Pablo Sarasate Fundazioak, elkarren arteko harremanak ondo erregulatu gabe jardun dute urtetan.

Lan egiteko modu horren erruz, Santa Zeziliak Fundazioari eman behar zizkion diru-sarrera guztiak ez dira behar bezala transferitu. Kontuen Ganberaren arabera, 454.583 euro “galdu” dira bidean. Abonu eta sarreren salmentatik eta kobratutako faktura batzuengatik Fundazioari zegozkion diruak dira, baina ez zituen kobratu.

Kopuru horren barruan daude UNICEFekin egindako operazio bat, txostenean “arraro” gisa deskribatzen dena (129.148 euro), baita “hainbat gastu” gisa sailkatuta 2011n egindako 49.409 euroko ordainketa bat ere –Kontuen Ganberak Fundazioko langileei eta kudeatzaileari egindako ordainketak direla ondorioztatu du–.

Santa Zezilia eta Sarasateren arteko harremanak erregulatzeko zenbait aukera jarri zituen mahai gainean Kontuen Ganberak, bi erakundeetako bat desagertzea, biak desagerrarazi eta Orkestra Sinfonikoaz arduratuko den erakunde berri bat sortzea edo Gobernuak Orkestraren ardura bere gain hartzea, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!