Bideko Autobidea: 390 milioi euro kostatu eta 1.157 milioi ordaindu

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona 2015ko aza. 19a, 12:46

Iruñea eta Logroño lotzen dituen Bideko Autobideak balio izan zuena ordaindua izango du Nafarroako Gobernuak 2016aren amaierarako. Hala ere, autobidea ordaintzen jarraitu beharko du 2032ra arte.

Bideko Autobidea 2006an amaitu zen eta 390 milioi euroko kostua izan zuen. Orduko Nafarroako Gobernuak, dena den, ez zuen euro bakarra jarri, honen finantzazioa itzalpeko sariaren bidez egitea erabaki baitzuen. Sistema honekin, enpresa eraikitzaileak jartzen du azpiegitura egiteko dirua eta bere mantenuaz arduratzen da hitzartutako epean. Horren truke, Nafarroako Gobernuak urteko diru sari bat ordaintzen dio enpresari, urtero bertatik pasatzen diren autoen araberakoa.

2015ean, esaterako, Nafarroako Gobernuak 43,4 milioi ordainduko ditu urteko kanon gisa eta 2016aren amaierarako 382 milioi euro izango ditu ordainduta itzaleko sarien bidez. Nafarroako Kontuen Ganberak egindako azterketaren arabera, 2032. urterako –epe-muga hori du egungo hitzarmenak–Gobernuak 1.157 milioi euro ordainduko dizkio Autovia del Camino SA, hau da, autobidea egitea kostatu zuena baino hiru aldiz gehiago.

Gaur egun Autovia del Camino SAren %80 Infraestructure Phanter izeneko Deutse Banc-eko funts inbertso batena da. 2010ean erosi zioten ordura arte elkartearen gehiengoa zuten Nafarroako Kutxa eta Globalviari (FCC eta Caja Madrid), 90 milioi euro ordainduta. Orduan pozik agertu ziren Infraestructure Phanterreko arduradunak eta bazuten arrazoirik horretarako, Nafarroako Gobernuaren kanonak irabazi itzelak ziurtatzen baitzizkien ondorengo hamarkadetarako.

Harrigarria da etorkizunerako aurreikusten ziren etekin oparoekin Nafarroako Kutxak bere zatia saltzea, baina ordurako krisia nabaritzen hasia zen kutxan eta diru premian zegoen, Bideko Autobidearekin batera saldu zituen, esaterako, Guascor edo Antolin taldea, Joserra Senarrek CAN: eta hemen ez da ezer gertatzen liburuan azaltzen duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!