Iruñerriko 10 gazteren aurkako epaiketa hasi da, Auzitegi Nazionalean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mai. 4a, 13:47

Irudia: @MartxeloDiaz

Gazteoi Segiko kide izatea egozten diete. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du.

[Albistea Argian]

Oihan Ataun, Gorka Sueskun, Mikel Flamarike, Iñaki Marin, Iker Araguas, Iker Aristu, Mikel Marin, Mikel Beunza, Diego Octavio Martikorena eta Ibai Azkona epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segiko kide izatea egotzitza hamar urteko espetxe zigorra eskatzen dute euren aurka.

Maiatzaren 4tik 12ra bitartean epaituko dituzte Iruñerriko hamar gazteak. 2008ko iraila eta azaro artean atxilotu zituzten Segiko kide izatea leporatuta. Inkomunikaziotik atera zirenean torturak salatu eta espetxeratu zituzten. Haietako batzuk hilabete gutxiren buruan fidantza altuak ordainduta aske geratu baziren ere, hiruk kartzelan jarraitzen dute oraindik.

Epaiketaren aurretik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian elkarretaratzea egin dute. Oihan Ataun, aste honetan epaituko duten hamar gazteetako batek inkomunikatuta zegoen bitartean jasandako torturak salatu eta epaiketa politikoen amaiera eskatu du. Sabino Cuadra Amaiurko diputatuak ildo beretik egin ditu adierazpenak Martxelo Diaz Garako kazetariak jaso duenez.

Larunbatean ehunka lagunek martxa zaratatsua egin zuten Iruñeko karriketan epaiketa politikoak eta “amaierarik ez duen jazarpenak sortarazten duten haserrea eta sumina” azaleratzeko: “Nafarroan dozenaka lagun daude euren jardun politikoagatik espetxeratuak izateko arriskuan. Asaldagarria da nola bere burua demokratikotzat duen erregimen honek jendea bere ideia eta independentziaren aldeko jardunagatik epaitzen eta espetxeratzen jarraitzen duen”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!