Joan den asteleheneko Noticiasen azaleko argazkia, jakin gabe noraino zen intentzio horrekin eginda, urteko onenetakoa iruditu zitzaidan: Osasunako jokalari bat, ile luze lisoa eta bizarra daukana, ageri da, biluzik gerritik gora, jendetza batek inguraturik. Eszena biribiltzen da titularraren laguntzarekin: Salvados!! dio titularrak.
Irudi luke jainkoaren semea bera jaitsi zela Sadarrera, gu denok erredimitzera, intsentsuaren eta katezismo zaharraren usainen artean.
Erlijio liburu zahar bateko estanpa dirudi.
Kezkagarria da oso futbolak gure bizitzen barruan hartu duen garrantzia. Han-hemenka ez da besterik aipatzen, dela himnoa pitatu zelako edo ez zelako aski pitatu, eta finean, termometro bat bezala, gure gizarteen gaixotasuna noraino den larria eta sendagaitza erakusten du.