M8

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2022ko mar. 8a, 13:10

Emakumeen eguna da, gaur, martxoaren 8a. Emakumeak ahalduntzeko eguna. Euren aldarriak ozen karrikarat ateratzekoa. Tentazioa izan dut minutu batez isilik egoteko, gaur hitza eurei bakarrik uzteko. Baina, azkenean, erabaki dut nire ahotsa aireratzea errateko niri ere ez zaidala gizarte heteropatriarkal hau gustatzen. Niri ere ez zaidala egituraketa matxista hau gustatzen, eta ez naizela batere eroso sentitzen. Anitzetan ez dut erantzun egokirik aurkitzen. Zalantzak sortzen zaizkit jokatzeko modurik onena zein den asmatzen. Ahuldadea agertzen dut bertzeen aitzinean. Eta, maiz-maiz, hanka sartzen dut.

Baina egoera guztietatik ikasten saiatzen naiz. Mugimendu feministarengandik anitz ikasi dut, egunero ikasten dut. Eta, batez ere, desikasi. Aspaldi ezabatu nituen hitz eta espresio anitz nire hiztegitik. Ariketa kontziente bat egin dut. Eta saiatzen naiz, egunero-egunero, izpiritu kritikoz aztertzen egiten dudana, erraten dudana, nire jokamoldea.

Eta, bai. Hanka sartzen dudanean aitortu eta barkamena eskatzen dut. Aitortzen dut saiatuagatik ere, banaizela gizarte matxista batek eraikitako gizona. Baina kritika, irakaspen eta begirada moreek pertsona hobea egiten nautela. Eta egunero eraikitzen dutela niregan hobetzeko grina hori. Eskerrik asko nire inguruan diren emakume feminista guztiei, bide honetan irakasle, bidelagun eta konplize izateagatik. Aldarrikatu, ospatu, ozen oihu egin, gaur bezala, gainerako egunetan ere. Gozatu martxoaren 8a.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!