Koronabirusaren krisialdiak ageri-agerian utzi du osasun publiko indartsu baten garrantzia egoerari aurre egiteko. Krisialdia bukatutakoan herritarrok antolatu beharko dugu agintariei exijitzeko osasun publikoaren aldeko apustu irmoa egin dezaten. Lan hori ez dagokie soilik osasun arloko profesionalei. Balkoiko txaloetatik haratagoko konpromisoa hartu beharko dugu.
Krisialdi honekin ageri-agerian gelditu den bertzea auzoko edo herriko denden beharra da. Inoiz baino kontsumo handiagoa egiten ari omen gara etxe ondoko dendan. Eduardo harakinak erraten zidan sekula bere harategian sartu gabeko hainbat herritar ari direla egunotan bertan erosten, gazteak batez ere. Krisialdiak ez dizkit ohiko errutinak aldatu, eta betiko dendetan erosten segitzen dut: ogia Rosari, arraina Jesus, Espe eta Ainhoari; Arantxari bisita Bidazira, Bortzirietako kontsumo-taldearen azokara, eskualdeko eta Nafarroako nekazarien produktuak erostera. Herrian bertan erosiz, bertako ekonomia laguntzen dut, eskualdeko baserritarren produktu on eta freskoak erosten ditut. Supermerkatu handien merkatu-logiketatik harago aritzeaz gain, tratu hurbila eta konfiantzazkoa ematen didate. Eta honetan bai, agintariek bultzatutako merkataritza-ereduari aurre egiteko arma izugarria dugu herritarrok: gure diruarekin auzoko dendetan erostea. Ez dugu inork politika aldatzeko beharrik horretarako. Norberak aldatu behar dugu. Gure eskuetan dago.