Txalo zaparrada bero bat

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2020ko mar. 25a, 14:28

Ez dira egun errazak izaten ari inorentzat. Gizarte osoa, salbuespenik gabe, kolpatu du koronabirusak. Aitzinetik ezagutu gabeko egoera bizi dugu. Gure eguneroko bizimodua arrunt eraldatu du pandemiak. Eta egoera zail horretan, ehundaka langilek euren osasuna arriskuan paratu behar izan dute, bertzeen alde lan egiteko. Osasun zerbitzuak, jende aitzineko lana duten langileak, zaintzaz arduratzen direnak... Eta horietatik, bereziki gogora ekarri nahi ditut adinekoen egoitzetako langileak, adineko pertsonak baitira koronabirusaren aitzinean arriskurik handiena dutenak.

Azken egunotan fokua adinekoen egoitzetan paratu da, eta egoitza horietan adinekoei ematen zaien zaintza eta tratua ez dela behar bezalakoa erakutsi nahi izan da albiste horietako anitzetan. Salbuespenak egon badaude, baina, hori dira, salbuespenak. Orokorrean, kontrakoa da egoera, zorionez. Lehenbiziko eskutik ezagutu ditut Berako San Joseko eta Elizondoko Menniko egoitzak. Ezagutu dut bertako profesionalen goxotasuna, euren profesionaltasuna. Jaso dugu, aitak bezala, etxeko gainerakoek ere irribarre goxo bat eurengandik.
 
Eta hori lan-baldintza eskasetan ari direla. Soldata ttikiak, lan-jardun gogorrak. Ez kasualitatez, ia erabat emakumez osatutako sektorea. Guztiz prekarizatua. Eta, hala ere, langile horiek beti dute irribarre bat, keinu polit bat eskaintzeko. Irrati bidezko txalo zaparrada eman nahi diet egoitza horietako langileei, urte osoan, eta bereziki egunotan, aita bezala, gainerako adinekoak zaintzen egiten duten lanagatik, bizitzaren bukaera duina emateko eskaintzen duten maitasunagatik. Mila esker!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!