Azken bi urteotako neurrira ailegatu gabe, akaso, baina bizia eta koloretsua izan da martxoaren 8a, aurten ere. Emakume gazte anitz ikusi ditut manifestazioetan. Gizonak, gutti. Mutil gazteak, bakanak.
Hedabideetako zutabe eta iritzi-emaileen artean, oraindik gutiengo diren emakume denek berdintasuna izan dute hizpide azken astean. Zutabegileen artean gehiengo zabala garen gizonenetan, bakan batzuek bai, gehienek, ordea, ez.
Eta azken bi urteotan egin bezala, nik ere hausnarketa egin dut martxoaren 8an. Gizonok ez dugu deus erratekorik? Gizonok ez dugu deus egitekorik? Benetan jabetzen gara emakumeek pairatzen duten desberdintasun egoeraz? Arrakalaz?
Herri mugimenduetan ari garen gizonok, kausa desberdinetako militanteok, gizarte hobea eta justuagoa nahi dugunok, ez dugu deus erratekorik? Ez dugu maskulinitate berrien inguruko diskurtsorik eraiki behar? Gure jarrerak, ekintzak eta hitzak errebisatzeko ariketa zintzo eta gardenik ez dugu eginen? Ez diogu gizarteari ekarpen hori eginen? Bistan da, ez dugu boterea banatu nahi; are gutiago galdu. Eta eroso gaude jarrera eta kokaleku hegemonikoetan.