Irratian zuk hau aditzen duzunerako, gauzak argiago egonen dira. Nik idatzi eta grabatu dudanean, ordea, zer gertatuko den ez dakit. Baina asmatzen ez da zaila.
Bai, Nafarroako Parlamentuko mahaiaren osaketaz ari naiz. Ezin dut gorde nire haserrea, amorrua, tristezia, eta, batez ere, etsipena. Bertze behin sozialistak. Eta aitortuko dut oraingo honetan ez nuela batere esperantzarik.
Larunbatean ikusi eta aditutakoek nazka eragin zidaten. Politikan aritutakoa naiz, politikatik bizitakoa, eta ezin dut ulertu, ez onartu, inork betoak paratzea, marra gorriak, eta, batik bat, harro egotea bertze pertsona eta talde batekin ez biltzeaz, ez solas egiteaz.
Hitzaren balioa politikari batek modu horretan zanpatzea deitoragarria da, eta pertsona horrek, zintzoa balitz, politika utzi behar zukeen. Baina horretarako duintasuna behar da, eta batzuek, ez dute sekula eduki.
Hasier Arraizek "Maitasun keinu bat besterik ez" liburua argitaratu berri du. Elkarren ondoan bizi baino, elkarrekin bizitzeko zubiak eraikitzeko premiaz ari da. Lastima gehien behar duten horiek ez dutela liburua irakurriko, egileari ez diotelako inolako zilegitasunik aitortuko, eta eurentzat hizkuntza eta kultura arrotz batetik datorrelako. Jakinki ehuneko ehunean ez dudala bat eginen, seguru aski, liburuan agertutakoekin, nik liburua hartuko dut, Hasierrekin bezala, desberdin pentsatu eta bizi direnekin zubiak eraikitzen jarraitzeko asmoz.