Ez ohikoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2019ko mai. 22a, 12:46

Ortziralean ez ohiko ikuskizun bat ikusten egon nintzen Berako kultur etxean. Bidenabar, erran dezadan, leporaino betea zegoela kultur etxea. Taula gainean 21 lagun, guztiak Berako Uxane-Aspace zentrokoak. Azken 20 urteotan bezala, Mugaz Gain eskola-antzerki jaialdiaren baitan euren antzezlana aurkeztu zuten. Ez ohikoa. Ez ohikoa burmuin-paralisia, down sindromea edota bertzelako desgaitasunen bat duten lagunak antzerkia egiten ikustea. Euren beldurrekin, euren ilusioekin, gogoekin, eta, batez ere, pozarekin. Ez ohikoa gainerako eskola-komunitatearekin batera antzerki-programa bateko parte izatea. Ez ohikoa udal batek 20 urtez antzerki-irakasle profesional bat paratzea eurekin lan egin dezan. Eta zentro honetako gazteek ez ohiko gauza anitz egiten dituzte: inauterietan mozorrotuta ateratzen dira, gainerako herritarren artean; kiroldegira joaten dira, igerilekura; herriko kultur ekitaldietan publiko fidela dira; eta, oro har, herriko bizimoduan parte aktibo dira, herritarrekin harreman estua baitute.

Ez ohikoa aurreiritzi eta estereotipo guztiak haustea. Uxane-Aspaceren lidergoa eta Udalaren babesa ezinbertzekoak izan dira normaltasun-bide honetan. Politika publiko argi batek gauzak alda ditzazkeen seinale. Ez ohikoa, baina bene-benetakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!