Nik aukeratu dut eguberrietako postal kuttunena. Argazkian 13 emakume ageri dira, guztiak Honduras eta Nicaraguakoak. Gazteak. Batek haur ttikia besoetan du. Gure amatxiak orain 50 urte Iruñerat, Donostiarat, Biarritzerat, Donibanerat edo Pasierat joan ziren bezala, etorkizun eta bizibide baten bila etorriak.
Argazkiko 13 emakumeak Goizuetan daude gaur. Bihar, batek daki, lana non topatuko, eta harat joanen dira. Argazkian ageri diren 13 emakumeak gure etxeetan ari dira lanean, adinekoak zaintzen.
Honduras eta Nicaraguakoak bezala, Boliviakoak, Ekuadorkoak, Perukoak... ere badabiltza. Baina, azken boladan, ia erabat, Honduras eta Nicaraguatik etorritakoak ari dira, aitzineko hamarkadetan etorritakoek lan hobeak topatu dituztelako, eta etorri berriek hartu dituztelako 24 orduko lanlekuak.
24 orduz lanean, bertze norbaiten etxean beti, familia konpartituan. Norberaren bizitza proiekturako etxebizitza bat edukitzeko ezintasunarekin, familia bat osatzeko zailtasunekin. 24 orduz etxean, bizitza sozialaren parte izateko aukerarik gabe, atseden ordu eskasekin. Lan fisiko eta psikologiko gogorra betez. Hemengoek egin nahi ez dugun lana eginez.
Goizuetako Udalak omenaldia eskainiko die herrian lanean ari diren emakume horiei. Denak emakumeak baitira. Eta niri, eguberrietako postal hoberik ez zait otu. Gure etxeetako parte ere baitira. Mila esker emakume horiei!