Emadazu aukera bat. Hitz bat nahikoa dut. Emadazu hitz bat, eta mundu berri baterako ateak irekiko dizkidazu.
Jabetu al zara "egun on" errate hutsak nola alda dezakeen harreman bat? Bada, horixe bera egiten dugu hainbatek egunero. Eta, orduan, zertarako behar dugu Euskaraldia? Bada, oraindik urrats hori eman ez dutenei laguntza emateko, adibidez, bidelagun izateko, aukera bat emateko. Bidean diren Belarriprestei euskaraz aritzeko gonbita egiteko. Edo orain arte Belarriprest jokatu izan dutenek Ahobizi izateko. Edo Ahobizi izatearen gozamenaz harro egoteko.
Hagitz aspaldi erabaki nuen euskara zekitenekin euskaraz eginen nuela. Hautu kontzientea eta errebeldea izan zen, neurri handia batean. Lagunarte euskaldunean ia inork, ia inoiz euskararik egiten ez zuenean. Hasiera ez zen erraza izan, baina emaitzak segituan ikusi nituen. Eta, gaur da eguna, orduko nerabe haietako inork ez didala euskara ez den bertze hizkuntza batean egiten.
Imajinatzen al duzue ehun mila lagunek gutienez pertsona banarekin hizkuntza-ohiturak aldatzea lortuko bagenu? Eta, bat-batean, egunero-egunero ehun mila elkarrizketa berri sortuko bagenitu euskaraz?
Hamaika egunez hori egitera goaz. Eta hamabigarrenetik aitzinera ere bai. Egin aukera. Eman aukera bat: Euskaraldia.