Skolae

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2018ko urr. 24a, 12:57

Yolanda Jaen Gomez da indarkeria matxistaren azken biktima Nafarroan. Enegarrena. Eta, tamalez, ez da azkena izanen. Alderdi politiko guztien arbuioa izanen du krimenak. Denek eskatzen dituzte bitarteko gehiago indarkeria matxistarekin bukatzeko, eta hezkuntzan eragin behar dela azpimarratzen dute.

Bide horretan sakontzeko beharrarekin sortu du Nafarroako Gobernuak Skolae programa berritzaile eta hezitzailea. Genero desberdintasunak gizarte honen arazo direla paratzen du abiaburu, eta ko-heziketa, erantzunkidetasuna eta elkarren arteko errespetua lantzea du helburu. Bidenabar, egitura sozioekonomikoak elikatutako estereotipoak zalantzan paratzen ditu, kristalezko sabaiaz solastatzen da, emakume eta gizonen arteko soldata-arrakalaz, lanbide feminizatu eta maskulinizatuez... Alegia, gizonen hegemonia bukatzeko beharra aldarrikatzen duela. Eta zeinen guti gustatu zaion hori eskuin ultrakontserbadoreari, alafedea! Sosak eta boterea ukitzen diezunean, akabo hitz politak. Hurrengo erailketa matxistan, berriz ere, hezkuntzan eragin behar dela erranen dute. Bada, denak ez du balio, ez oposizioa egiteko, ez aurpegia argazki batean zuritzeko ere. Zenbat Skolae behar ditugun, politikariengandik hasita!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!