Ekainaren 6ko eskailera pasatu da. Iruñea, dagoeneko, jai-giroan dago. Akabo ikasturtea.
Bertsolaritza Kultur Ondasun izendatu du Gobernuak. Berriz ere erranen dute identitarioa dela, erdaldunak baztertzen dituen kultur espresioa dela bertsolaritza.
Altsasuko gazteak ez dira terroristak, baina terroristak bailiran bertze lau atxilotu dituzte aste honetan. Dagoeneko, zazpi dira kartzelan daudenak. Ekainaren 16an, berriz ere, bete beharko dira Iruñeko karrikak. Tamalez, aldaketaren ikurra saldu duen Sanchezek ministro nor paratu duen ikusita, deus guti aldatuko da hemen. Ez hemen, ez Katalunian. Eta aldatzen bada, kasu, dena okerrago joan baitaiteke.
Ekainaren 2ko manifestazioan txistorrik ez, baina odolki franko ikusi genuen. Penagarria da eskuinak eskaintzeko duena. Ikastea eta desikastea komeni zaie. Euskara ikasi; diskurtsoak eta formak desikasi. Hau ez dugu merezi!
Eta eguzkia inoiz baino garestiago egon arren, nik optimista izaten segitzen dut, konbintzioz. Bizirik eta mugimenduan dagoen herri bat dugu, eta lokartuta ikusi nahi bagaituzte ere, ez dugu lotarako asmorik. Tira, uda partean atseden hartuko dugu, eta entzuleei ere deskantsua emanen dizuegu. Ongi merezia duzue eta!