Ciudadanosek euskara eskakizunak kendu nahi ditu lanpostu publikoetarako sarbidetik. PPren Espainiako Gobernuak 350 lanpostuko deialdia egin du Euskal Herrian aritzeko. Bakar batean ere ez da euskararik eskatuko. Berdintasunaren izenean, aberastasunaren eta diskriminazio ezaren izenean ari omen dira. Ciudadano Riverak betiko esaldi biribila bota du: “mediku on bat behar dut, ez mediku euskalduna”. Hain zaila al da ulertzeko medikurik onena pazienteak bere hizkuntzan artatzen dituena dela?
Bitartean, euskarazko D ereduak ez aitzin, ez gibel segitzen du Nafarroan. Eta batzuk, haserre, etenda dagoelako. Asier Azpilikuetak twitterren idatzi du: “D ereduak bi hamarkada daramatza % 30 gainditu ezinik. Porrot bezala ikus dezakegu. Edo arrakasta bezala, Nafarroan euskararen aurkako mugimendua (pasiboa eta aktiboa) ikaragarri indartsua baita”. Ez zaio arrazoirik falta. Eta eskuartera heldu zaidan bertzea: Arantzan, Arbizun, Goizuetan, Leitzan, Etxarrin, Beran, Baztanen, Igantzin… arnasgune deitutako horietan, herritarren % 60 eta 90 artean aritzen dira karrikan euskaraz. Porrota edo arrakasta baino, eguneroko borroka eta meritutik anitz du horrek. Bizirik irautearen meritua.