Hollywoodeko fokuek pantailatik ezkutatu digute hamarkadatan izandako sexu-gehiegikeriak. Salaketa uholdea etorri da, eta zurrunbilo horretan, han-hemen, sare-sozialak baliatuz, batik bat, erasoren bat jaso duen emakumeen salaketak ugaritzen ari dira.
Etxera itzultzeko aske izan nahi dutela aldarrikatzen dute, aspaldian, emakumeek. Bihar egitekoa den karparen bestaren inguruan ere, unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileek elkarrekin eskatu dute etxera askatasunean itzuli nahi dutela, eta euren aniztasuna onartu dadila.
Mugimendu feminista da arazoa ikusarazteko lan nabarmenena egiten ari dena. Erakusten ari dira gizarte-mugimendurik aberatsenetakoa direla une honetan, sormen eta dinamismo handiz ari dira. Gainerakoek badugu zer ikasi, bereziki, gizonok.
Datorren astean Sanferminetako talde-bortxaketaren kontrako epaiketa hasiko da. Epaiketak lagunduko du fokuetatik kanpo dauden bertzelako erasoak ere ikusarazten. Aske izatea delako bizitzaren oinarrizko eskubidea, inork kendu ezin diguna. Argi dezagun bidea.