1.340

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2017ko mai. 25a, 14:15

Harresiak, paretak, hesiak… eta itsasoa bera erabiltzen du Europak bere ateak kanpotik datozenei ixteko. Errefuxiatuen dramak ez du etenik, eta egunero-egunero hainbatek bizia galtzen du Europa zaharreko ametsean sartzeko bidean. Eztanda egiten ez duten hildakoak dira, gorputz urratuak, baina ikusi ere egiten ez ditugunez, gure burutik ere kendu ditugu. Ahazturan itoak. Urtea hasi zenetik 1.340 dira, gutienez, itsasoan hildakoak. 34 atzo berean. 34.
Zahartzen ari den gizarte batean, zeren beldur da Europa? Nahi dugunean, nahi dugun tokira mugi gaitezke mundu osoan, eskubide osoz. Inork ez diezaiola mugarik itxi europar zuri bakar bati. Baina, guk, ez ditugu gure karriketan nahi miseritik, gerratik, gosetik, beharretik eskapo heldu direnak. Selekzio naturala. Trumpentzat alfonbra gorria, gainerakoentzat, itsasoa.
Zer egin behar dugu errefuxiatuen drama gehiago agerrarazteko? Herri mugimendutik zer ari gara gaizki egiten arazo hau guztiona dela ikusarazteko? Nire buruarekin haserre nago, nik neronek ere ez baitut asmatu gaiarekin, eta irudi lazgarria ikusi eta biharamunerako ahantzia dut, gaur, berriz ere, Europarako ametsetan gorpu geldituko direla hainbat. Nik bezala, etorkizun hobe bat nahi dutenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!