Interesak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2016ko abe. 22a, 12:38

Hipotekan zoru-klausula zuten herritarrek diru pixar bat jasoko omen dute, atzo Europako epaitegiek erabaki baitzuten banketxeek gehiegikeriaz jokatu zutela, eta behar baino diru gehiago kobratu zutela. Ondorioz, banketxeek dirua itzuli beharko diete mota horretako hipoteka zutenei.
Ez da ohikoa izaten epaitegiek kontsumitzaileei arrazoia ematea, eta banketxeen kontrako neurriak hartzea. Baina oraingoan, hain agerikoa omen, Europak berak esku hartu behar izan duela gaian. Nolanahi ere, epaiak ez die dirua itzultzeko eperik paratzen banketxeei, eta beraz, bankuak ez badu bere kasa ordaintzea erabakitzen, herritarrak auzitara jo beharko du. Ederra negozioa! Beti ahulenen kaltean!
Berriki etorri zitzaidan Espainiako Auzitegi Gorenaren bertze sententzia baten berri, hipotekako gastuak ere gehiegi kobratu dituztela banketxeek, eta horiek erreklamatu behar direla. Banketxearen lehenbiziko erantzuna izan da ez dagokidala. Borrokan segi beharko dut, nire dirua ebatsi baitute zorribiztu horiek!
Bistan da legeak noren aldekoak diren. Etxebizitza eskubidea omen, baina ederki borrokatu behar da bat edukitzeko, eta garesti ordaindu. Batzuen interesak, aldiz, ongi zainduak, beti. Interesak guk ordaindu behar, alafedea! Ia Olentzerok ikatza ekartzen dien horiei guztiei, eta osasuna eta opari politen bat entzuleei. Urte berri on!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!