Ikasturte berria aspaldi hasi zen, gehienentzat. Eskolak goiz-arratsaldeko ordutegiarekin daude, gaur gero. Hasiberrien egokitzapenak bukatzear behar dute. Kiroldegiak matrikulatuberriz lepo daude. Niri ere badagokit ikasturtea hastea.
Eta aitortuko dut alferkeriak jota hasiko dudala ikasturtea Euskalerria Irratiko tarte honetan. Alferkeria, batez ere, egoera soziala eta politikoa oporretan joan aitzinetik baino okerrago dagoelako. ETB Nafarroan, berriz ere, ikusteko aukera dagoen arren, UPNk eta konpainiak euskararekiko agertzen duten soberako gorrotoak aspertzen nau. Eta aspertzen nau Mola eta Sanjurjo hilobitik aterako dituzten honetan, betiko faxisten zalaparta eta mehatxuei erantzuteko gauza ez garela ikustea, duintasuna eta justizia behingoagatik gurekin dauden arren harrotasun gutirekin defenditzen dugula.
Alferkeriak jota nago, berriz ere, Cordovillako egunkariak zein Esparzak gezurra gezurraren gainean eraikiko dutelako, batere lotsagorritu gabe. Eta alferrak jota nago Madrildik datozen haizeekin.
Baina itxura ere gorde behar izaten denez, eta hitzezkoa naizenez, hartuko dut tartea, hamabortzean behin, belarriak goxatzeko Euskalerria Irratiko entzuleei. Aurten, gainera, entzule legalak edukiko ditugu, eta nola huts egin!