Horien azala ez da bertzeena bezain erraz gorritzen. Eurei ez, baina bertzeoi ederki gorritzen zaigu, auzo lotsaren auzo lotsaz.
Joan den astearen hondarrean UPNko buru Esparzak, azala lodi-lodi zuela, lezioak eman zituen Nafarroako Parlamentuan, Lehendakari andreari eskatuz alde egin dezala. Esaldiak, ezinbertzean, Aznar ekarri nahi zuen gogora. Haren azalaren parekoa behar du, bere erranerak bildu eta lau haizetara zabaltzeko.
Baina Aznar erreferentzia politikotzat duen norbaitek, bistakoa da, azala lodia behar duela. Eta aspaldidanik jakina den arren, atzoko prentsan bere izena ikusi zuen moduan ikusita karguan segitzen duenak azal lodia eta bertze zerbait gehiago ere behar du. Batez ere, duintasun politiko eza. Izan ere, Reyno Arenara bisitan joan ziren astelehenean hainbat komunikabide. Auzo lotsaren tenplura. Valentziaren pare jartzen gaituen miseriaren adierazle gorenera. Kudeaketa eredugarriaren gorazarre egiten dutenen handinahikeriara. Eta 60 milioi euroren xahutze faraonikoa agerian paratu ziguten.
Xahutze horrek baditu izen-abizenak, azal lodi-lodikoak, gainera: Jose Jabier Espartza, UPNko burua, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko buru izan zena eta proiektuaren sustatzaile eta defendatzaile sutsua izan dena, Agoitzko alkate oiha (bertako gehiegikeriek ere bertze atal baterako ematen dute) eta Gobernuko Kontseilari izandakoa. Eta bertzeei lezioak emateko azal lodia duena. Auzo lotsa.