Isuri

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2015ko aza. 30a, 13:01

Parisen hasi den goi-bileran erregai fosilen aroa bukatutzat eman nahi dute hainbat agintarik eta mugimendu ekologistek. Ezinbertzekoa da hau planeta gehiago berotu nahi ez badugu eta hondamendi handiagoak saihestu nahi baditugu.
Herritarroi eskatzen zaigu, etengabe, neurriak hartzeko. Etxeko-lan handiak ditugu, ezbairik gabe. Norberaren jarrera aldaketa ttikiekin egin daiteke iraultza handia: autoa utzi eta oinez, bizikletan edo garraio-publikoan mugitu, erosketak auzoko denda ttikietan egin, plastikoa baztertu, eta abar. Ez dut zalantzarik neurri horiek guztiak hartu beharrekoak direla, eta norberaren konpromisotik abiatuta egin behar dugula. Baina ez da aski. Industria, nekazaritza-eredu intentsiboa eta politika bera eraldatu behar dira. Eta hor interes ekonomikoak gailentzen dira, bertze deusen gainetik. Horrelakoetan, gainera langabeziaren mamua darabilte ekologismoaren aitzinean. Oraingo ereduan eroso baitaude!
Argindar eta petrolio konpainia handiek agintari ohiak soldata handiekin lotu dituzte ate birakarien bidez, euren alderdiek ez ditzaten politikak aldatu. Jakin badakitelako isurketak murriztea bertze biderik ez dagoela. Eta horretarako, ezinbertzean, eredua bera dela aldatu beharrekoa. Hori euren porrota litzateke. Nahiago dute planetak porrot egitea. Planetarik gabe, baina, zertarako balioko du euren diruak?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!