Baserritik

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2015ko urr. 19a, 13:32

Amama filma ikusi dut asteburuan. Film polita, borobila, estetikoki hagitz zaindua, eta Kandido Uranga protagonista bikain ari dela. Galzorian den baserriaren munduaren ingurukoak kontatzen dizkigu pelikulak. Gai hurbilekoa bezain unibertsala.

Karrikan sortua naiz, baina aitatxi-amatxi baserritarrak izan ditut, eta ez zait, hortaz, guztiz arrotza baserriko mundua. Altunaren kontakizunean ageri den bezala, aspaldi gertatu zen gure inguruan belaunaldien arteko etena. Gaur egun, ia inor ez da baserritik bizi gure inguruan. Ia ezinezkoa izanen da galdutako baserri horietan bizimodua berreskuratzea, baina gehiago galdu nahi ez baditugu, aldaketa sakona beharko du baserri munduak. Baina aldaketa hori ez da berez etorriko, eta nekez egin ahal izanen dute baserritarrek eurek bakarrik.

Baserria mantenduko bada, ez orain arteko baserria, baina bai jarduera bera, errotik aldatu beharko dira sektoreko politikak eta Europako aginduak. Errazagoa beharko du baserriko bizimoduak. Eta politikak ez ezik, herritarrok ere ohiturak aldatu beharko ditugu. Supermerkatuan baserritarraren kostuen azpitik dauden produktuak erosi beharrean, dagoeneko martxan diren kontsumitzaile-ekoizle ereduetara jo beharko dugu, modu masiboagoan, sasoian sasoikoari inportantzia handiagoa emanez. Pizgarriak beharko dituzte eredu horien alde egiten dutenentzat. Ingurumenaren zaintzan berebizikoak dira baserritarrak, eta gizarteak inbertsio moduan hartu beharko du hauen lana. Baserria eta bere mundua behin betirako bukatzen badira, ederki aldatuko dira gure paisaiak eta ingurua. Eta orduan bai damutuko garela!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!