Ezin atzendu

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2015ko ira. 21a, 13:33

Sasoiko lehenbiziko tarte hau Alzheimerraren mundu egunean egitea egokitu zait. Eta ezin dut egun hori atzendu. Gaixotasuna, isil-isilik, etxean sartu zaigu, eta ez dut ukatuko, zail gertatzen dela berekin bizitzen ikastea. Norberaren aita jarreretan, izaeran eta solasean errotik aldatzen dela ikustea ez da goxoa, eta are gutiago, erraza. Sufrimenduak, gainera, gaixoa ez ezik zaintzailea ere arrunt harrapatzen du, ia-ia bertze gaixo bat bihurtzeraino. Eta hori da gaitzak duen alderdirik latzena. Borrokarik handiena eskatzen duena: ingurukoak zaintzea.
Egunero da alzheimerraren eguna gurean bezala, bertze milaka etxetan, milaka zaintzailerentzat, emakumeak gehienak. Gure gizartean inongo baliorik ez duen lana da zaintzailearena, inork ikusi nahi ez duena.
XXI. mendeko epidemia izango denari aurre egiteko estrategiarik ez dute gobernuek, ez gaixoei, ez zaintzailei laguntza egokia emateko neurri zehatzik, ez prebentziorako ere. Eta badakit baliabide aunitz eskatzen dituen kontua dela, baina ezinbertzean, ikerketarako zein zaintzaileen lana arintzeko baliabide horiek ugaritu beharko ditu gure gizarteak.
Gure etxean ez dugu alzheimerra atzenduko bihar, etzi, etzidamu… berekin bizi garelako. Gizarteak eta agintariek ere ez atzentzea dugu erronka, eta eritasuna ez dadila bakarrik egun bateko kontua izan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!