Erdaldunak eskuzabalak. Euskaldunak xuhurrak, esker txarrekoak. Binomio hori aurkeztu nahi izan du agintari sozialista batek berriki. Ez omen diegu eskertu erdaldunei euskara ez jakitea. Bazterketa sistematikoa jasan izan dute, eta gu konturatu ez, eta bertze aldera begira egon omen gara.
Hauteskunde kanpaina betean gabiltzan honetan, PPko Nafarroako buruak euskararen ezagutza oposizioetan gutiago baloratzeko eskatu du. Gutiago posible balitz bezala!
Euskara gailendu da gurean. Hizkuntza bakarra izateko bidean dago. Erbestera bidaliko ditugu, erdaldun elebakarrak, laster. Betiko moduan, errespetua eta barkamena eskatzen digute. Moral kristauaren lezioak. Eta guk, sinetsi, alafedea!