Ikustekoak

Ezkabako gotorlekua memoria gune izendatu dute ofizialki

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 21a

Gaur egin dute Ezkabako gotorlekua ofizialki memoria gune izendatzeko ekitaldia. Bertan izan dira Fernando Martinez estatu idazkaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Jovino Fernandez San Cristobalgo presondegitik ihesaldian parte hartu zuen gizonaren alaba ere, Ana Fernandez. Memoria Elkarte zenbait ere bertaratu dira. 

San Kristobal gotorlekua, milaka preso errepublikanoren kartzela izandakoa ofizialki izendatu dute memoria gune; Espainiako Aldizkari Ofizialak badakar dagoeneko hori. Gotorleku izandakoaren paretan, atari nagusiaren alboan plaka bat jarri dute eta ekitaldi batekin gogoratu dute presondegiak utzi zituen krudelkeriak. Han izan dira Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilaria eta San Cristobalgo presondegi hartan egon zen eta ihesaldian Ipar Euskal Herrira birizik iristea lortu zuen Jovino Fernandez zenaren alaba, Ana Fernandez. Bere gurasoen historia pertsonal horretatik abiatuta, egun Nafarroako Gobernuak egindako lana goraipatu du: "Memoriarik gabe ez da biderik egiten, eta lan handia egiten ari dira frankismoaren biktimak ahanzturan lurperatuta geratu ez daitezen". Bere aita zenaren izenean esan du, eskertuta sentitzen direla Ezkaban gertatutakoa memoria kolektiboari zabalik izanen delako eta gogoratuko dutelako etorkizunean ere han bizitakoek zer nolako krudelkeria pasa zuten. 

Bisita gidatuak etorkizunean

Gotorlekuaren jabe Espainiako Armada da, eta Espainiako Defentsa Ministerioak kudeatzen du. Bere ateak itxita daude egun. Bertan memoria proiektu bat garatzeko akordioa sinatuta dute bi gobernuek eta haren inguruko batzorde bat osatu dute. Lantalde tekniko bat osatu da gotorlekuaren kontserbazio egoera aztertu eta egin beharreko konponketa lanak egiteko, tokiak bisitak egin ahal izateko segurtasun baldintza egokiak izan ditzan: "Bisita gidatuak egin nahiko genituzke, bereziki gazteekin, haiek izanen dutelako etorkizunean hemen gertatu zenaren pasartea kontatzeko aukera", esan du Ollo lehendakariordeak. Nafarroako Memoria Institutuak diseinatuko du proiektua, elkarte memorialistekin eta udalekin batera. Asmoa da gotorlekuan interpretazio zentro bat antolatzea, eta presondegi izan zenaren toki gogoangarriak biltzea bertan: botilen hilerria, ziegak, zigor ziegak, zaintzaileen tokiak, uharka...

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!