Entzutekoak

Nabarraldek martxan jarri ditu Euskal Herriko historia ezagutzeko ikastaroak

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 20a

Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia ezagutzeko eta irakasteko online ikastaroaren edizio berri bat jarri du martxan. Otsailaren 11tik apirilaren 20ra bitartean izango da ikastaroa eta izen ematea zabalik da otsailaren 10era arte.

Zer dakigu Euskal Herriko historiaz? Galdera horretatik abiatuta eta historiaren subjektu bihurtzeko asmoz sortu zuen ikastaroa Nabarraldek. Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariaren hitzetan, "Curriculum ofizialean hori ez da tratatzen. Normalean historia estatuen ikuspuntutik egiten da eta orduan gu ez gara existitzen eta hori absurdoa da, estatu bat izan garelako eta historia bat izan dugulako".

Besteak beste euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea edota ondarea jorratuko dira. Horretarako bederatzi multzotan banatu dituzte gaiak eta atal bakoitza aditu baten eskutik jasoko da. Tartean Rekalde bera, Mikel Sorauren, Idoia Arrieta, Joseba Asiron historialariak eta Jean Louis Davant, Iñaki Egaña edota Luis Mari Martinez Garate idazleak ere izango dira. Ikastaroa, online formatuan izanen da, irismena ahalik eta gehien errazteko.

Ikastaroa Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen dute eta gainera, Nafarroako Gobernuaren homologazioa dauka, beraz amaieran diploma eskuratuko da. Ikastoletako irakasleek zein Nabarralde Fundazioko kideek deskontua izanen dute matrikulan eta izen-ematea zabalik dago otsailaren 10era arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!