Elkarlanari esker egin du aurrera Txantreako Akelarre Kultur Elkarteak bi hamarkada hauetan. Halaxe azpimarratu du Raul Ayestaran egungo elkartekideak. Auzotik eta auzoarentzat sortu zen duela hogei urte, instituzioetatik kanpo zegoen kultur eskaintzaren baitan zegoen hutsunea estaltzeko. Egindako bidea ospatze aldera, azaroaren 1ean (larunbata) besta antolatu dute. Eguerdian auzo giroarekin ekingo diote egunari eta gauean kontzertuak egonen dira Atarrabiako Totem aretoan, Leihotikan, Les Testarudes eta Indies Puestos taldeekin.
18:00etan izanen da ate-irekiera eta ordubete beranduago hasiko dira hiru taldeen kontzertuak. Totem aretoko emanaldiaren ondoren, after-party bestak auzoan jarraituko du aurrera, bestela ezin litekeen moduan, Akelarre elkartean bertan.
20 urtez hutsune bat estaltzen
Birjiñe Albirak aski ongi ezagutzen duen espazio horrek lekua egin die, urte guzti hauetan, jotzeko beste lekurik ez zuten talde hasi berriei, baina baita bestelako ekitaldi eta eskaintzei ere, tartean liburu aurkezpenak, hitzaldiak edo haurrentzako emanaldiak. Bertatik igaro izan dira Leihotikan, Marea edo Berri Txarrak bezalako taldeak, oraindik ere hain ezagunak ez zirenean, baina baita gerora ere. Leihotikanek, adibidez, bere 20. urteurrena ospatzeko hautatu zuen Akelarreko txokoa. "Taldeentzat berezia da lekua, askorentzat lehenengo eszenatokia izan delako", azpimarratu du Albirak. "Nik ez dut sekula ahaztuko bertan Marino Goñi ezagutu nuen eguna, asko miresten nuelako; ezta nire semearen bere taldearekin lehenengoz jo zuenekoa ere". Ayestaranek, bere aldetik, ongi gogoratzen du Akelarren sartu zen lehenengo aldia. "11 urte nituen eta Vendettaren kontzertua ikusi nuen zuzenean. Ez dut inoiz ahaztuko. Kalimotxoa ez nuen oraindik dastatu ere egin, eta kontzertu horretan egoteko aukera izan nuen".
Egitarau kultural anitza eta herritik sortua eskaintzen duten gero eta gune autogestionatu gutxiago dauden garaian, Akelarre erresistentzia gune bilakatu da. "Kaleko kulturari, instituzionalizatuta ez dagoen kultura horri, toki bat emateko asmoarekin abiatu zen Akelarre", gogoratzen du Albirak, "mugarik ezarri gabe eta doan. Tokia ez dutenendako tokia izanen da, hori izan zen gure leloa". Ayestaranen iritziz, gero eta gutxiago dira Iruñerrian halako eskaintza kulturala bermatzen duten lekuak, eta kideen elkarlanari esker mantendu ahal izan dela azpimarratu du. Irauten badu, jendeak oraindik ere horrelako espazioen beharra baduelako dela azpimarratu dute bi kideek: "Garaiak aldatzen dira, eta jendea ere bai, baina jendeak etortzen jarraitzen du eta hurbiltzen denak Akelarren maitatzen badu, hori atzean elkarlan handia dagoelako da".
Gaur egun 40 pertsona inguruk osatzen dute Akelarre Kultur Elkartea. "Bakoitzak ahal edo nahi duen moduan parte hartzen du, batzuk kuota ordaintzen dute eta beste batzuk kuota ordaintzeaz gain antolakuntzan parte hartzen dute". Elkartea beti irekita dagoela azpimarratu dute, halaber. "Nahi duen edonor hurbildu daiteke, elkartearen izen-ematea irekita dago eta jendea hurbiltzea nahi dugu".