50 urte dira Aresti hil zenetik eta Ekida arte kolektiboak bere obra eta bizitza oinarri hartuta, Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana aurkeztu du. Arestiren ondarea iraganari baino etorkizunera begira jarriko dute. Eta galdera askori erantzuna eman nahi diote Ekidako kideek: Nor zen, baina, Gabriel Aresti? Ezagutzen al dugu benetan bere izaera eta bere pentsamendua? Etengabe posizionatu zen, baina zein posizio hartu zuen?
Peru Iparragirre, antzezlanaren gidoilariaren esanetan, “obra honek Gabriel Arestiren figura dakar taula gainera, poetaren obra eta bizitza oinarri hartuta. Ez, ordea, iraganari begiratuta, ezpada Arestiren figura etorkizunaren aurrean jarrita. Ez memoria bidezko omenaldia egiteko, ezpada Arestik oraindik gaurkorako eta biharkorako balio digulako”.
Oholtza gainean bi aldamio ikusiko ditugu. Goiko zein beheko plataformetan bederatzi musikari eta lau antzezle. Eta zoruan egurrezko kutxa batzuk. Langile giroa sumatzen da, konpainiak Arestiren alor politikoa eta langile borrokaren aldeko jarrera aldarrikatu nahi duelako antzezlanaren bitartez.
Mikel Kayek eta Naiara Azpilkuetak zuzendu dute, eta lau aktore ariko dira oholtzan: Julen Ormaetxea, Ander Uribarri, Ane Biain eta Ane Mendiguren. Haiekin batera, bederatzi musikari izango dira taula gainean Arestiren testuekin egindako abestiak eskaintzen: Markel Reparaz, Garikoitz Ortiz de Villalba, Elene Uribarri, Nere Txakartegi, Paloma Strachan, Aitor Elorriaga, Javier Jorajuria, Eider Elorza eta Unax Salvia. Lurdes Ondarok, Peru Iparragirrek, Irati Oskozek eta Paul Beitiak idatzi dute antzezlanaren gidoia. 75 minutu irauten du, eta sarrera doakoa da. Maiatzaren 17an taularatuko dute, arratsaldeko zazpietatik aurrera Atarrabiako Kultur Etxean.
Irrintzi Plaza saioan Peru Iparragirre, Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean ikuskizunaren gidoilaria izan dugu gonbidatu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!