Nayua Aduh Jatrik: "Saharar egoera politiko, sozial eta humanitarioa zabaldu nahi dugu"

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 8a, 11:21

Saharari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Alternatiba taldeak maiatzaren 8, 13, 14 eta 25ean Sahara Hurra goiburuarekin. Iruñean izanen da lehen hitzordua gaur, Nafarroako Antzerki Eskolan 19:00etan. Tesh Sidi saharar aktibista eta diputatua, Sato Diaz Publico egunkariko politika arduraduna, Yaguta El-Mokhtar Frente Polisarioko kidea eta Irati Jimenez parlamentaria izanen dira solasean. "Sahararren errelatoa herritarrei hurbiltzea da xedea", adierazi du Nayua Aduh Jatrikek. 

Nola dago egoera Saharan, nola daude hango bizilagunak?

Hiru esparrutan bizi dira sahararrak gaur egun. Zonalde okupatuetan bizi direnak, errefuxiatu esparruan bizi direnak eta diasporan daudena. Eremu okupatuetakoek bizi dute errepresiorik handiena. Garrantzitsua da hiru esparru hauetan banatuta dauden saharraren errelatoa hurbiltzea jendeari. Zikloaren helburua horixe izanen da.  

Jardunaldietan non jarriko duzue fokoa?

Badira hiru urte Espainiako Gobernuak saharar herria berriro traizionatu zuela eta gogorarazi nahi dugu egoera horrek ondorioak izan dituela herri horretan. Herriak oraindik borrokan segitzen du eta aldarrikapenak egiten ere bai. 

Gaur abiatuko dira jardunaldiak Iruñean. Nork hartuko du parte?

Tesh Sisi saharar aktibista eta diputatua izanen da, Sato Diaz Publico egunkariko politika arduraduna, Irati Jimenez Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko kidea eta Yaguta El-Mokhtar Frente Polisarioko kidea. Gaurko solasaldia nahiko konpletoa izanen dela iruditzen zaigu: helburu nah¡gusia da saharar herriaren erreklamazioak gerturatzea eta hori hizlariekin erdiestea espero dugu, ahal den esparru guztiak nabarmenduta. 

Ildo beretik arituko zarete gero Bilbon, Oreretan eta Gasteizen?

Bai. Saharako egoera politiko, sozial eta humanitarioa hurbiltzea da helburua. Horregatik, aktibista, kazetari eta akademiko saharar ezberdinak izanen dira. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!