Posiblea da denboran zehar bidaiatzea? Zineman ez dira gutxi izan galdera honen bueltan euren iruditeria oso bat eraikitzen lagundu duten filmak. Euskadiko Filmategiak, DIPC-ek eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean antolatzen duten Zinema eta Zientziaren zortzigarren edizioak, hain zuzen ere, kontzeptu hau hizpide duten filmeez osatutako egitaraua atondu dute, aste honetan Iruñeko Golem zinemak agertoki izanen dituena.
Maria Navarro Gastiasoro DIPC-eko ikerlariak azaldu moduan, denboran bidaiatzea dagoeneko egin daitekeen zerbait dela frogatua dago: "Hori bai, norabide bakar batean soilik egin daiteke: etorkizunera". Denbora azkartzeko bi modu daudela argitu digu. "Hori bai, falta dena hori herdiesteko teknologiak garatzea da".
Zinema eta Zientzia zikloak, hala, hamabi film erakutsiko ditu Euskal Herriko areto desberdinetan. Iruñean Golem Baiona izanen du agertoki, astearteetan, 19:00etan, 4 euroren truke. Film guztiak jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, azpitituluekin: lauk euskarazko azpitituluak izango dituzte eta, gainerakoek, gaztelaniazkoak.
Zikloa urtarrilaren 14an hasiko zen, asteartearekin, The Theory of Everything –La teoría del todo– (James Marsh, 2014) filmarekin; filmean, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar eta aurkezlea Arantzazu García Lekue izango da, DIPCko Ikerbasque ikertzailea eta Programa Estrategikoen zuzendaria.
Aurten, klasikoen artean, The Time Machine -Denboraren makina- (George Pal, 1960) filma nabarmenduko da, urtarrilaren 21ean, euskarazko azpitituluekin; denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua sortu zuen H.G Wellesen nobela batean oinarrituta dago, eta aurkezlea Maria Gastiasoro izango da, fisikaria eta DIPCko ikertzailea material kuantikoetako supereroankortasun exotikoan eta korrelazioan. Era berean, otsailaren 25ean Frankenstein -El doctor Frankenstein- eta The Bride of Frankenstein -La novia de Frankenstein (James Whale, 1931, 1935) filmekin saio bikoitza egingo dute; bertan, zientzialari batek gorputz bizigabeei bizia emateko duen erronka azalduko dute, eta Ana Galarraga izango da aurkezle eta komentarista lanetan, Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua eta Elhuyar aldizkariaren zuzendaria. Martxoaren 18an The Thing -Gauza- (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa emango dute, euskarazko azpitituluekin. Filmak zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borroka kontatzen du, eta Xabier López izango da bertan, kimikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko elkartua.
Film berriagoak ere programatuko dira, esate baterako: otsailaren 4an High Life (Claire Denis, 2018) emango dute, Donostia Zinemaldian lehiatu zen eta zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen ditu; aurkezlea Antonio Casado da Rocha izango da, EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko ikertzaile iraunkorra. Apirilaren 1ean Everything Everywhere all at once -Dena batera leku guztietan (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022) emango dute, euskarazko azpitituluekin; filmak zazpi Oscar sari eskuratu zituen, multibertsoan barneratzeko gonbit bat da eta aurkezlea Javier Aizpurua izango da, fisikaria, Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoa eta DIPCko Ikerbasque ikertzailea. Otsailaren 18an Le Théorème de Marguerite -El teorema de Marguerite (Anna Navion, 2023) emango dute; emakume matematikari baten doktore-tesiko azken urtearen erretratua da, eta aurkezlea Daniela Moreno izango da, Basque Center for Applied Mathematics-eko doktoretzako ikaslea.
Gutxiago zabaldu diren lanak aurkezteko apustua ere egingo dute, besteak beste: martxoaren 25ean Kampen om tungvannet -La batalla del agua pesada (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948) emango dute; ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa da, zeinak hurbilduko baikaitu II. Mundu Gerran bonba atomikoa lortzeko izandako lasterketara, eta aurkezlea Silvina Cerveny izango da, CSIC-UPV/EHUko Materialen Fisikako Zentroko ikertzailea eta DIPCko elkartua. Otsailaren 11n Djúpiò -The Deep (Baltasar Kormákur, 2012) emango dute; filmak giza gorputzaren mugak aztertzen ditu, eta aurkezlea Anna Rubio izango da, Ozeanografia Fisikoko doktorea eta AZTIko Ozeanografia Operazionaleko taldearen koordinatzaile eta ikertzaile nagusia. Urtarrilaren 28an Vincere (Marco Bellocchio, 2009) emango dute; Benito Mussolini boterea lortu zuenekoa kontatzen du haren lehen emazte Ida Dalserren historiaren bitartez, eta Antonio Rivera historialariak gerra arteko garaiko faxismoen gorakadari helduko dio.
Azkenik, honako hauek programatuko dira: martxoaren 11n Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000) emango dute, euskarazko azpitituluekin; filmean Julia Robertsek ingurumen-ekintzaile baten papera jokatzen du, eta aurkezpenean Miren Cajaraville izango da, Zelulen Biologiako katedraduna, Ingurumen Toxikologian aditua. Martxoaren 4an La Maladie de Sachs -Las confesiones del doctor Sachs (Michel Deville, 1999) emango dute; filmak herriko mediku baten bizitza deskribatzen du, zeinaren bertutea besteak entzutea den, eta zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorrak lortu zituen; Rafael Rotaechek komentatuko du, Gipuzkoako Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatearen eta ESIen arduradunak.