Burlatako Gaztetxearen ibilbidea 2018an hasten da, futbol zelai zaharreko aldagelak okupatuz. Han eman zituen lehen pausoak eta abiarazi zituzten lehen proiektuak. Burlatako Udalarekin tirabirak izan eta gero, 2022. urteko apirilean sinatutako hitzarmen baten bitartez, orain dauden eraikinera lekualdatu ziren. Baina gaztetxearen etorkizuna ez dago batere argi oraingo kokalekuan.
Pasaden urtearen hasieran Nogalera 2025 izeneko proiektuaren berri izan zituzten gaztetxeko kideek. Proiektu horretan egin behar diren obren ondorioz, gaztetxeak ez luke tokirik izango. 2024ko irailean gaztetxeko kideek ohartarazi zuten autogestioko espazioa husteko arriskuan zegoela eta Udalak alternatibarik eman ez zuela horren aurrean.
Salaketa publikoa egin ostean eta gaztetxea defendatzeko kanpaina publikoa iragarri eta gero, Udalarekin harremanak hobetu direla aitortu dute gazteek, baina oraindik ere ez da etorkizuna argitu. Horregatik, garrantzitsua ikusten dute antolatzea eta gaztetxeari babesa emateko elkartasun jaialdia antolatu dute urtarrilaren 17 eta 18an, BGBD izenpean.
Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan ‘Desokupazio enpresen azterketan sakontzen’ izeneko hitzaldia antolatu dute. Eta ondoren, iluntzeko 21:00etan kontzertuak hasiko dira. Borla, Apotheke, Auzoko eta Ziztada, eta Moises no duerme izango dira gaztetxean.
Larunbatean ordea, bazkalorduan hasiko da jaia, eguerdiko 14:30ean da hitzordua eta 17:00etatik aurrera bazkalostea Edu Zardoya eta Nahiak nahi musikariek girotuko dute. Ondoren, Nakar gipuzkoarren txanda izango da, Herdoil, The Titanians eta Chuleria, Joder! taldeak bidelagun. Larunbateko gaua bukatzeko gaupasa prestatu dute Burlatako DJ Etxekoirekin.
Sarrera gutxi geratzen dira kontzertuetara eta bazkarira joan ahal izateko. Burlatako Amadeus tabernan erosi daitezke, Orrega tabernan eta Iruñako Ezpalan agortu baitira. Ostiralerako bonuak zazpi euroan, larunbaterako hamar euroan eta bazkaria hamabosten truke.
Irrintzi Plazan Andoni eta Saioa Burlatako Gaztetxeko kideekin hitz egiteko aukera izan dugu.