PAI programako zenbait irakaslek ezegonkortasuna salatu dute Nafarroako Parlamentuan

Bidane Beloki Ezker 2025eko urtarrilaren 10a

350 lanpostu baino gehiagoren legezkotasuna aztertzen ari da Auzitegi Gorena Steilasek jarritako errekurtsoa dela eta. Ondorioz, PAI programako langileek haien lanpostuak eta Nafarroako irakaskuntza eleaniztuna kolokan daudela salatu dute.

Steilas sindikatuak PAI hezkuntza ereduko 350 lanpostu baino gehiagoren legezkotasunari buruzko errekurtsoa jarri eta Auzitegi Gorenak  izapidetzea onartu zuen. Hartara, guraso eta irakasleen ordezkaritza batek Foru Parlamentuarengana jo du "egoera oso bidegabe baten aurrean" daudela adierazteko. Eta galdegin dute arlo horretako  hezkuntza "politika alde batera uzteko" eta "hezkuntza baliabide guztiak zein Nafarroaren aniztasuna errespetatuz lan egiten uzteko".

Auzitegiak Nafarroak bere eskumenak gainditu ote zituen aztertzen ari da, atzerriko hizkuntza-profila duten lanpostuak sortu eta egonkortu baitzituen, ohiko oposizio prozesutik kanpo. PAI programako langileek haien lanpostuak eta Nafarroako irakaskuntza eleaniztuna kolokan daudela salatu dute. Izan ere, neurriak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleei eragiten die.

Ikasgeletan egoera honek sortzen duen ziurgabetasuna arbuiatu dute ordezkariek, ez baitago egonkortasunik eta horrek ikasketa prozesua oztopatzen duela iritzi diote. Gainera,  gaur egungo PAI ereduko eskaera %70era iristen dela adierazi dute eta ingelesa lehenesten duen hezkuntza elebidun horren alde egiteko apustua mantentzeko eskatu dute Parlamentuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!