Euskal erreferenteak publiko gazteari hurbiltzea. Horixe da Jaso Solasean Iruñeko Jaso Ikastolaren podcast proiektu berriak duen helburu nagusia, ez aldiz bakarra. Izan ere, ikusentzunezko proiektuaren gidari eta aurkezle lanak egiten dituen Imanol Janices irakaslearen arabera, ikastolaren hezkuntza proiektuarekin bete-betean bat egiten duen proiektua da hau. Ikasleen parte-hartzea zuzena da podcastaren sorkuntza, idazketa, edizio eta sareratze lanetan, eta zeharka ere uztartzen da bestelako irakasgaietan barneratu dezaketen edukiekin.
Ez dira gutxi izan dagoeneko Jaso Solasean-etik igaro diren aurpegi ezagunak, tartean Iker Galarza, Maddalen Arzallus, Oihan Vega edo Nerea Urbizu, besteak beste. Baina ez bakarrik ezagunak direnak, publiko orokorrarentzat ezezagunak izan arren erreferente gisa hartu daitezkeen pertsonak ere elkarrizketatzeko asmoa dute ikastola iruindarraren podcastean. Hori da, adibidez, Scott Zuñigaren kasua, urtebetez euskara ikasi duen musikari iparramerikarra.
Ataletako batzuk dagoeneko ikusgai daude plataforma desberdinetan:
▶️ YouTube: https://bit.ly/jasosolasean
🎙️ Spotify: https://bit.ly/JasoSolaseanspotify
🍏 Apple Podcasts: https://bit.ly/JasoSolaseanApple