Txokolate, gaztaina eta ikatz usaina dario dagoeneko Iruñari. Gaur iritsiko da ikazkina Iruñeko zenbait auzotara, alegia, Iturramara, Arrosadiara, Azpilagañara, Mendabaldeara, Mendillorrira edota Sarrigurenera.
Arratsaldeko 18:30ean abiatuko da Iturramatik Olentzero eta Mari Domingiren kalejira. Joaldunek, animaliek, dantzariek eta gaitariek lagunduko dute Olentzero auzoko kaleetan zehar. Ibilbide berria izango du aurten kalejirak. Amaiur ikastolatik Lopez frontoirainoko bidea egingo dute.
Azpilagañan, jubilatuen elkartera bisita eginen dute Olentzerok eta Mari Domingik arratsaldeko 17:00etan, eta kalejirari hasiera emateko, Oberena dantza taldeak ezpatadantza eginen du, eta orduan bai, sei t’erdietan kalejira abiatuko da. Mendillorrin ere 18:30ean hasiko da kalejira Antzaratik.
Eta bihar, Donibanen (18:00etan, Azuelo plazatik), Sanduzelain (18:00etan, Juaristi doktorearen kaletik), Arrotxapean (17:45ean, Barandiaran aita plazatik) edota Txantrean (18:00etan, Felix plazatik) izanen da ikazkina, eta noski, Iruñeko kalejira nagusia. Alde zaharrean zehar izango dira Olentzero, Mari Domingi, joaldunak, animaliak, dantzariak eta musikariak, 750 parte hartzaile izango dira kalez kale.
18:00etan hasiko da ibilbidea Iruñeko arte eta goi mailako diseinu eskolatik, 19:30ak aldera Olentzeroren figura Udaletxe plazara sartuko da, Estafetan gora ibilbidearen amaierara iritsi arte. Aurten, Olentzerok ez ditu haurrak agurtuko Iruñeko udaletxeko balkoitik. Izan ere, UPNren erabakia izan zen iaz eta kalejiraren antolatzaileek diote ikazkina panpina batekin irudikatu behar dela.