750 lagunek parte hartuko dute Iruñeko Olentzeroren kalejiran

Haritz Pascual Garjon 2024ko abe. 13a, 12:54

Ahuntz talde bat eta hiru abesbatza izanen dira aurtengo kalejiraren nobedadeak. Urtero bezala, Olentzero Iruñeko Udaletxe plazan jasoko du alkatearen eskutik, hiriko koadrodun zapia.

Olentzero elkarteak dena prest du abenduaren 24ean ikazkinari ongi etorria emateko Iruñeko karriketan. 750 lagun parte hartuko dute kalejiran, joaldun, fanfarre, txistulari, gaitari eta  dantza taldeen artean. “Aurten hiru abesbatza aterako dira kalejiran: Mutiko Alaiak, San Frantzisko eskolakoa eta Olentzero elkartean sortu dugun talde berri bat” azaldu du elkarteko Miren Garcíak, “Gainera, pasa den urtean berreskuratu genituen soka-dantzekin jarraituko dugu kalejiran”.

Olentzerorekin batera, animaliak ere heldu dira menditik hirira. Faltzestik datozen 200 bat animali izanen dira: zaldiak, behorrak, mandoak, astoak, poniak, ardiak, antzarak, oiloak eta idiak. Aurten lehendabiziko aldiz ahuntz talde bat izanen da kalejiran.

Desfileak ohiko ibilbidea eginen du: Iruñeko arte eta goi mailako diseinu eskolatik irtengo da kalejira, Paulino Caballero kaletik alde zaharreraino iristeko, Chapitelan behera arratsaldeko 7:30ak aldera Olentzeroren figura Udaletxe plazara sartuko da, bertan harrera eginen dio Iruñeko udalbatzak La Pamplonesa musika bandarekin batera; alkateak ohorezko zapia jantziko dio ikazkinari eta berriz ere Mercaderesen kalejirari batuko zaio, Estafetan gora ibilbidearen amaierara iritsi arte.

Olentzerorik ez Udaletxearen balkoian

Aurten hezur haragizko Olentzerorik ez da egonen Iruñeko Udaletxean. “Hori Ibarrola alkatearen ideia izan zen” azaldu du Xabier Martinez de Alava elkarteko kideak, “Gu ez geunen horrekin ados, Lesakako eredua sustatzen dugulako, Olentzeroren figuraren eredua eta ez Papa Noel itxurazko Olentzerorena”. Aurten, Udalaren partetik horrelakorik ez diote eskatu Olentzero elkarteari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!