Iruñeko Udalak egindako analisi teknikoa ezagutu dute aste honetan eta aurrera urratsa ongi ikusten duten arren, uste dute “ez dela nahikoa”, eta orain, negoziazio politikoa behar dutela.
“Ikasturte honetan jada irekita beharko luke haur eskola”, adierazi dute prentsa oharrean, baina Nafarroako Gobernuak atzeratu zuen. Osasun etxea ere, aurreko legegintzaldirako iragarri zuten, “baina oraingo legealdian ere, ez da irekiko”, gaineratu dute. Txosten teknikoak hauek biltzen dituen arren, dagoeneko auzoak izan beharko lituzke zerbitzuok.
Halaber, Iruñeko Udalak zerbitzu soziokulturalak eskaintzeko apustua positibotzat jo dute, nahiz eta ez zaien aski iruditu. Izan ere, paperaren gainean ari direla salatu dute eta “sinplifikazio administratiboaren zain egon gabe”, dotazioak lehenbailehen izatea eskatu dute.
Inbertsioak hutsaren hurrengoa izan direla eta txosten ekonomikoak behin eta berriz atzeratu direla nabarmendu bizilagunen elkarteak. Berriki txosten bat egin da, beste bat bukatzen ari dira, “hirugarren bati buruz ez dago berririk, eta, ziur aski laugarrena ez da egingo”. Instituzioen konpromisoa galdegin dute beste behin ere, “udalek ez dituzte irizpide berak erabili, eta horregatik emaitzak ezin izango dira konparatu”, azaldu dute.