Erripagañako Civivox-a, gertuago

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 8a, 08:10

Kultur gunea, kiroletarako espazioa, liburutegia eta Auzo Unitatea hartuko lituzke eraikin berriak. 150.000 euro bideratu ditu Iruñeko Udalak proiektua garatu ahal izateko. 

Erripagañako Civivox-a errealitate izan dadin baldintza-agiria prest du Iruñeko Udalak proiektua gauzatzeko. 150.000 euro aurreratu ditu Udalak egitasmoa diseinatzeko. "Diru hori aurreratuko du Udalak nahiz eta eraikitzea eta kokalekua Erripagaina auzoaz arduratuko denak erabakiko duen gerora", adierazi du Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzi Joxe Abaurreak. 

Ekitaldietarako aretoa, era anitzeko ekimenak egiteko gunea eta kirol zenbait egiteko lekua hartuko du Civivoxek. Informazio gune zabala izanen du sarreran pantailaz eta informazio taulekin hornituta, itxaron gunea eta erakusketetarako tokia. Dantza, zenbait kirol, sukaldaritza tailerrak egiteko aukera ere eskainiko luke eta informatikarako gela bat. "Liburutegiak 1.000 metro koadro izanen ditu eta gutxienez 13.000 dokumenturako sarbidea eskainiko du, horietatik 3.000 haur eta nerabeei zuzenduta", azaldu du Abaurreak. Auzoko Unitatea ere jasoko du Civivoxak, 300 metro koadrotan.

Erripagaña noren esku geratuko den zehazteko oraindik "denbora" badela nabarmendu du Abaurreak. Azken pausua heldu den udaberrian etorriko da, bizilagunei aukera emanen zaiena botoa emateko. Aurretik, lau udalen artean ari dira lanketa hori egiten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!