Otoitzerako eta elkartzeko toki izateko xedez zabaldu zuten Deskalzos kaleko lokala pasa den abuztuan. Erlijio islamikoarekin loturiko tokia, baina berehala bilakatu zen babesleku. Gerturatzen ziren gazteak otordurik gabe eta kalean lo egiten ari zirela ikusita jatekoa eta lo egiteko tokia eskaini diete. 28 gazte dira. SOS Arrazakeriak, Paris 365 eta Elkarri Laguntza elkarteek administrazioari eskatu diote jar ditzala baliabide egokiak horientzat guztientzat. Joan den neguan gertatutakoa izan dute gogoan: "150 lagun baino gehiago ari ziren kalean bizitzen. Alor sozialean ez daitezela baliabideak gutxitu eskatzen ari gara", esan du Paris 365eko kide Oihana Barriosek. Abuztuaren 5ean zabaldu zituen ateak Iruñeko Alde Zaharreko Deskalzos karrikan lokal erlijiosoak. Oihana Barriosekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.