Baratxinto Fest jaialdia eginen da Erronkarin asteburu honetan

Reyes Ilintxeta 2024ko eka. 21a, 13:34

Dantza bertikala, antzerkia, klowna eta musika iritsiko dira gaurtik eta igandera arte Erronkari, Burgi eta Uztarrozera hiru herri hauetan ospatuko den “Baratxinto Fest” jaialdian, Erronkariko Udalak eta Goitibera Antzerki konpainiak antolatuta. Saioa Iribarren eta Ander Basaldua dira antolatzaileak. 

“Baratxinto Fest” Pirinioetako Arteen IV. Jaialdia Erronkarin, Burgin eta Uztarrozen izanen da

 

“Baratxinto Fest”-en laugarren edizioa garagarzaroaren (ekainaren) 21etik 23era ospatuko da, Erronkariko Udalak eta Goitibera Antzerki konpainiak (Saioa Iribarren eta Ander Basaldua) antolatua. Kalitate handiko proposamen artistikoak izanen ditu, hala nola arte eszenikoen lau ikuskizun, dantza bertikaleko tailer bat, Güarimba taldearen kontzertua eta egun horietan margotuko den horma-irudi berrira bisita gidatu bat.

Iragan urteetako harrera ona ikusita, aurten Burgiko eta Uztarrozeko Udalen laguntza izanen dute antolatzaileek, tokiko hainbat kolektiboren laguntzaz gain, eta horri esker egitarau oparoa osatu da.

Jaialdia, hilaren 21ean, ortzilarean, hasiko da, Erronkariko Baratxintoan 19:00etan izanen den bertso saioarekin. Jarraian, Osete Delirios clown konpainiak “Armando Delirios” antzezlana taularatuko du pilotalekuan. Working progress antzezlan bat da ­-ikusleak sorkuntza prozesuan parte hartzera bultzatzeko modu bat-, konpainia horrek martxoan eta apirilean Erronkariko eskola zaharrean egin zuen egoitza artistikoaren emaitza. Antzezlan honetan oso modu pertsonalean uztartzen dira malabareak, orekak, magia eta akrobazia.

Neskanegun (larunbata) goizean, La Glo Circo talde bizkaitarraren dantza bertikaleko tailerra izanen da Erronkariko pilotalekuan, eta eguerdian bisita gidatua eginen da Iñaki Rifaterra artistak erronkarierazko esaldi eta testu laburretan oinarrituta egindako esku-hartze artistikora (horma-irudia). Ondoren, herri bazkaria eta mikro irekiko saio bat izanen dira, non artistek zein ikusleek parte hartu ahal izanen duten. Arratsaldean, Güarimba talde nafarrak “Derivas tropicales” kontzertua eskainiko du Suargi tabernan, psikodelia tropikal elektronikoko ekaitz bat, soinu amazonikoan (chicha), cumbian eta erritmo latinoetan inspiratua.

Eta eguna amaitzeko, La Glo Circoren “Ensueño” dantza bertikaleko ikuskizuna, lau aldi musikaleko konposizio bat naturaren lau elementuen ingurukoa: lurraren taupada, uraren jarioa, airearen eromena eta suaren energia. Ibarrean lehen aldia izanen da dantza bertikaleko ikuskizun bat eskainiko dena, eta ez nolanahiko agertokian; izan ere, Julian Gayarre tenorrak eraikiarazi zuen pilotalekuko harrizko hormetan eginen da.

Jaialdia igantean (igandean) amaituko da, beste bi jarduerarekin: eguerdian Maite Guevara konpainiak “¡Qué buen día!” clown ikuskizuna emanen du Uztarrozeko plazan; eta arratsaldean, Zirko Txoskok “Forzudos” zirku-clown ikuskizuna eskainiko du Burgiko plazan, oso ikuskizun bisuala eta umoretsua, ergelkeria eta indarra zirkuarekin eta akrobaziekin nahasten dituena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!