AEK, Lezka3 Lezkairuko Euskara Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz eta Euskalerria Irratia, besteak beste, izan ziren ostiral arratsaldean Irulegi Euskara Elkarteak prestatutako ospakizunean.
Arangurengo Ibarreko auzolagunek gogora ekarri zuten nolakoa izan zen taldearen sorrera duela hogei urte. Garai hartan euskaldun eta euskaltzaleak bildu ziren Aranguren Eremu Mistora pasa zedin eskatzeko. Orain, bi hamarkada beranduago, hori lortzeaz gain, D ereduko ikastetxe berria zabaltzea eta euskararen ezagutza hedatzea ere errealitate bihurtu direla ikusi dute. Hala ere, Irulegiko kideek esan zutenez, lan handia dute oraindik eta egitekorik behinena euskararen erabilera sustatzea da.
Astean zehar hainbat kultur ekitaldi ospatuko dute eta larunbatean egun osoko festa batek emanen dio amaiera aurtengo Euskararen Asteari.
Irulegiko ordezkariek XX. urteurreneko jaian irakurritako testua:
"Arratsalde on eta eskerrik asko gure inguruan bildu zareten guztioi.
Gaurko egunez Irulegi euskara taldeak 20 urte egiten ditu, ospatzekoak diren 20 urte: hamaika ekintza, bizipen, neke, emozio eta festa izan dira; eta lorpen haundiak ere: Gure ibarra ez zen berdina izanen eremu mistoan sartu ez bagina edo D ereduko eskola publikoa sortu ez balitz, 300 ikasle baino gehiago dituena.
Esku eta buru aunitz dira Irulegi taldeko bihotz eta birikak. Ez da ezerezetik sortzen den lana: bilerak, agenda, telefono deiak eta korreoak, idazkiak, diseinuak, erosketak, eta eguneko eskulana eta izerdiak dira, baita lana amaitu berriko topak eta ospakizunak ere.
Pertsonek egiten dute auzolana, batzutan mingotsa batzutan gozoa, baino beti ere ezinbestekoa. Ezin dugu ahaztu, guk, zuek, denak garela euskara aurrera ateratzen ari garenak.
Irulegi taldea gara bai, Irulegi eskola sortu zen gero eta orain gutxi, Irulegiko eskua... Aranguren Ibarra munduan jarri zuena, euskara instant batez munduko erdigune bihurtu zuena. Premonizioa izan zen nunbait.
Euskarak sufritu du azken urteotan, hizkuntza “pribilegiatua” dugun arren (batzuon ahotan), adarrak zaurituak, baino sustraiak gogor dituelako eta horrexek kezkatzen dituelako bihotzgabe askok; horixe da bere hizkuntza arrotz sentitzen duena, bihotzgabea.
Baino euskaldunon izaerak sare egiten gaitu eta gure lanak sareak eratzen ditu. Biziki pozik gaude azken garaiotan euskararen aldeko lanak gure inguruan, inguruko herrietan, inguruko auzoetan, auzolanari ezker aurrerantza izan duen hauspoa, oso estimatua dago gure Lezkairuko kideekin batera eginiko lana, LEZKA3 elkarte gaztearen bitartez, eta izugarria ere Euskal Herrian Euskarazen laguntza, beti egon zarete hor, eskerrik asko biei etortzeagatik.
Ikaragarria da ere euskararen alde aspalditik diarduten ta euskara ofizio bihurtu dutenen bultzada eta sostengua, eduki sortzaileak, mediak, alfabetatze taldeak, haien produktuak euskaraz eta euskararako etiketatzen dituztenak: eskerrik asko ere etortzeagatik aek, Euskalerria irratia, Errigora, Aranguren telebista eta Arangurengo udalari.
Azken garaietan ere hainbat dinamika garrantzitsuekin bat egin dugu: Zonifikazioari hordago!, edo Sorionekuak dinamika adibidez, erranguratsua izan da zeinen garrantzitsua izan den nafartarren bateratzea euskararen alde jotzeko.
Zorionez, hainbeste eta hainbeste dira gaur egun euskara bultzatzen dutenak, ziurrenik bat edo beste nahigabe ahaztu dugula.
Euskara berbala da, baino baita grafikoa ere, eskerrak eman nahi dizkiogu ere 20. urteurren hontarako logoa diseinatu digun Joseba Beramendi “Xprai” lagunari.
Bertan, Mutiloako erdigune den plaza hontan, zuek guziekin batera 20 urterreneko kartela aurkeztu nahi izan dugu, horren erakusle delako, saretzearena, hortxe zaudetelako denak, bilatu baino ez duzuelako egin behar.
Bide batez, eta amaitzeko, gaurtik hasita maiatzaren 11ra, euskararen astearen harira, izanen den egitarau oparora gonbidatzen zaituztegu, programa kulturala, pailazoak, festa eta parranda, denetarik izanen dugu, bertan ikusiko dugu elkar. Urtea amaitu bitarte ekintza aunitz izanen dira ere, adi egon.
Besarkada estu bat bildu zareten guztiei... segi lanean.
ZORIONAK IRULEGI ETA ZORIONAK EUSKARA!!"