Erorien Monumentua dago askoren ahotan egunotan. Talde memorialistak eta fusilatuen senideak ekimen ugari egiten ari dira "frankismoa goratzen duen monumentua eraisteko" eskatuz. Eurentzat, ez litzateke ulergarria "beste esanahi bat" ematea. Hain zuzen, badira jarrera hori hartua dutenak ere: eraikinari beste esanahi bat ematen ahal zaiola diotenak. Beste ildo bat defendatzen dutenak ere badaude: deus ere eginen ez luketenak. Iruñean, Askatasunaren Plazan dagoen Erorien Monumentuaren inguruan elkarrizketa egin dio Euskalerria Irratiak bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari, Ana Ollori.
Erorien Monumentuaren etorkizunaz asko hitz egiten ari da egunotan. Zein da Kontseilariaren jarrera?
Nafarroan dagoen asaldura kolpistako eraikinik lotsagarriena da. Monumentu bat izan zen. Edukieran gurutzadatzat hartu zutenek sortua. Indarkeria bidegabea erabili zutenek egina. Irtenbidea eman behar zaio eta ahal bada legealdi honetan. Iruñeko Udalarekin Gobernuak elkarlanean lan egin behar duela uste dut. Gehiengo soziopolitikoa errespetatu eta bide horretatik konponbidea aurkitu.
Sinbologia frankista eremu publikotik ezabatzen ari zareten honetan, eraikina mantenduta beteko litzateke legea?
Segurtasun juridikoaren falta dago edozein proiektu egiteko. Arazoa lehenagokoa da. Administrazio Auzitegiak 2008an egindako txosten batean jaso zuen eta epaileek zalantzan jarri zuten Erorien Monumentua frankista denik. Ez nator bat iritzi horrekin. Ez da etsipenezko eraikina. Uste dut, juridikoki ziurtatu beharko dugula biderik badela eraikinari beste etorkizun bat emateko. Nafarroako Gobernuaren eta Espainiakoaren artean iruditzen zait gehiengo nahikoa izanen dugula araudian edozein aldaketa egiteko.
Martin Zabalzaren dimisioa eskatu dute gai horretan posizioa hartu zuelakoan. Zer iritzi duzu?
Nafarroako Gobernuaren kontseilaria naizen aldetik balioa eman nahi diot PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erdietsitako akordioari. Hitzarmen horretan ez zen irtenbide zehatz baten aldeko jarrerarik jaso. Udalekin protokolo bat lantzea eta adostasun sozial eta politiko gorena bilatzearen aldeko apustua islatu zen. Martin Zabalzak militante sozialista baten ahotik hitz egin zuela esanen nuke, guztiz legezko jarrera bat hartuta, baina ez datorrena bat akordio politikoan sinatutakoarekin. 2015etik aurrera lan egiten ari naiz memoria politiketan eta beti mantendu nahi izan dugu erakunde memorialistekin elkarlana. Horretan saiatzen ari gara. Elkarte horiek memoria kritikoaren alde aritu dira lan eskerga egiten. Egindako lan hori goraipatu behar dela iruditzen zait.