Oroibidea, Nafarroako memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 3a, 12:52

Elvira Aristizábal Taxoareko hilerritik kanpo, bere senarra, Fortunato Aguirre, fusilatua eta lurperatua izan zen tokian (1959). Argazkia: Oroibideak.

Nafarroako Gobernuak Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu ditu.

Oroibideak 50.800 erreferentzia bibliografiko baino gehiago, 356 elkarrizketa eta milaka argazki biltzen ditu. Nafarroako Memoria Demokratikoaren artxibo digitala da Oroibidea, eta hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren artxibo digitala erreferente bihurtu da Estatuan. Toki fisikoen memoria historikoaz harago doa proiektua eta Interneteko esparruari berariazko garrantzia eman diote.

Gatibutasuna edozein modutan jasan zuten pertsonak aintzat hartu dituzte, eta 2020an sortu zutenetik sarrera eta erreferentzia pertsonalen kopurua laukoiztu dute. Egun, 23.053 errepresaliaturren datuak biltzen ditu artxiboak eta horretarako, dokumentu-funts publikoak eta pribatuak jaso eta digitalizatu dituzte.

"Etorkizunaren zati handi bat Interneteko espazioan jokatzen da. Espazio hori, gainera, funtsezkoa da iragana berreskuratzeko eta egian eta erreparazioan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko", azaldu du Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza kontseilariak. Azpimarratu du halaber, Foru Exekutiboak egiten duen Memoria Historikoaren aldeko apustua "ezinbestekoa" dela, batez ere, Estatuko hainbat tokitan izaten ari den "negazionismo olatu eta atzerapauso demokratikoen aurrean". Izan ere, hainbat lekutan Memoria Historikoaren Legea bertan behera uzten ari dela salatu du kontseilariak.

Askotariko testigantzak

Oroibidean askotariko lekukotasunen testuinguruak bildu dituzte. Hala nola, erregimen frankistaren biktimak, LGTB kolektiboko kideenak, emakumeen aurkako indarkeria kasuak edota erbesteratutako pertsonenak. Idatzizko testuak, audioak, elkarrizketak, bideoak, dokumentu juridikoak, hobien mapak eta bestelako materialak jasotzen ditu Oroibideak.

Bestalde, bilaketa errazteko, zenbait iragazki ondu dituzte hitz-gakoen arabera edukia sailkatzeko. Hala, herritar orori memoria historikoa irisgarri egin nahi diote. Eta bereziki, belaunaldi gazteenei, ‘Memoria duten Eskolak’ programaren bitartez, “memoria kritikoa sustatzeko, bizikidetzan oraina eta etorkizuna eraikitzeko tresna gisa”, gaineratu du kontseilariak.

Erorien Monumentua: legegintzaldiko erronka

Bizikidetzarako bidean bestelako erronka bati ere aurre egin nahi diote Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak legegintzaldi honetan: Erorien Monumentua. Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatu dute eta Joseba Asironen aginte taldeak behin betiko konpondu nahi du afera.

Frankistak gogoratzeko monumentuari beste esanahi bat ematea ezinezkoa litzatekeela argudiatu dute eraistearen aldekoek. Gaurkoan, Ollok mahai gainean dauden proposamenak zeintzuk diren argitu ez baditu ere, legegintzaldi honetan akordioa erdietsi eta irtenbidea topatuko diotela irmoki adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!