Salhaketa Nafarroa presoei eta horien familiei laguntzeko elkarteak Salhaketa Fest kontzertu jaialdia antolatu du. Ostiral honetan izanen da, Burlatako Euskal Herria Peñan, eta hamar talde baino gehiago bilduko dira bertan. Elkarteko kide Uhaina Apezetxek azaldu moduan, bikoitza izanen da egitarauaren helburua: "Alde batetik, elkartearen autofinantzaketa indartzeko dirua biltzea eta, bestetik, Salhaketa Nafarroan egiten dugun lan antikartzelario eta antipunitibista ezagutzera ematea".
Kontzertuak 19:00etan hasiko dira eta ateak ordubete lehenago zabalduko dira. Madame Birrots, Zirze, Hitz Tantak, Sátiro, Myercolon, Basajaun, Lauravels, Las Tipex, Broken Brothers Brass Band taldeak oholtzaratuko dira eta DJ Reimyk osatuko du egitaraua.
Sarrera doakoa izanen da eta tabernako irabaziak elkartearentzat izanen dira.