Arga ibaiaren emariaren abisu laranja aktibatuta Iruñerrian

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 27a, 08:40

  • Goizeko 09:30ak arte dago aurreikusia Argaren ur emaririk handiena; Txantrean, Madalenan eta Burlatan ibaiaren pasealekua urez gainezka.
  • Nafarroako Gobernuak Uholdeetarako Larrialdiko Plan Berezia aktibatu du.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Arga ibaiak Iruñerria zeharkatzen duen guneetan arrisku laranja ezarri du uholdeen arriskua dela eta. Une honetan, dagoeneko ibaiak gainezka egin du Iruñerriko hainbat puntutan, ibaiaren pareko pasabide eta pasealekuetan nagusiki.

Txantrean eta Madalenan Argaren pasealekua urez gainezka dago, baina oraindik ere ez da gainditu arrisku goreneko unea, beraz, ez hurbiltzeaz gain, kontuz ibiltzeko eskatu du udaltzaingoak. Arga ibaiaren emaria handitzeko alerta bere horretan mantenduko da datozen orduetan; goizeko 06:00etatik 09:30era dago aurreikusia Argaren ur emaririk handiena.

Burlatan uholde larrialdiko 1. maila aktibatu da, Arga ibaiaren ur-goraldiak eragindako uholdeen aurrean. Hilerriko bideko aparkalekua urpean geratzeko arriskua dagoenez gero, Askatasuna pareko aparkalekutik ibilgailuak kentzeko abisua eman du Burlatako Udalak. Behin behinean aparkaleku gisa gaitu dira Askatasuna BHIko (sarbidea Maria Azkaratetik) eta Hilarion Eslava IPko (sarbidea Bentetako ingurabidetik) patioak.

Eta, errepidean, tentuz ibiltzeko eskatu du udaltzaingoak, ur putzuak egon daitezkeelako.

Nafarroako Uholdeetarako Larrialdiko Plan Berezia aktibatuta

Nafarroako Gobernuak prebentzio neurri gisa aktibatu du Uholdeetarako Larrialdiko Plan Berezia. Arga ibaiak Iruñerria mehatxupean izateaz gain, Aragoi ibaia ere aurre alerta egoeran dago eta Prinioa abisu laranjan elur metaketagatik. 

Argaren emaria Iruñean segundoko 370 metro kubikokoa izanen dela aurreikusi dute, Burlatan 330eko eta Etxaurin 880koa. Eta, urtegiak ere, beterik daude. ESAren urak askatu zituzten atzo, ia guztiz betea zelako, edukieraren, % 94 beterik. Eugi ere ireki behar izan dute gainezka egitear zegoelako, baina, dagoeneko ez du ur gehiagorik bidaltzen, egoera are gehiago oker ez dadin. Lesaka inguruan berriz, Bidasoa ibaiak sortzen du kezka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!