Herritarren zientzia-laborategia eta airearen kalitatea: Zer arnasten dugun jakiteko lehen urratsak
Herritarren zientzia-laborategia Iruñeko Ingurumen Heziketarako zentroak antolatutako ekimena da IdAB-CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko Agrobioteknologia Institutuarekin batera. Iker Aranjuelo da kontseilu honetako ikerlaria: “Airearen kutsaduraren parametroak kontrolatzeko ekipo profesionalak erabili ohi dira, datuak zehaztasun handiarekin jasotzen dituzte, eta datuok profesionalek aztertzen dituzte. Gure herritarren zientzia-laborategian hori elkarlanean egitea proposatzen dugu, geure etxeetatik.
Zientzialari bihurtuko gara, eta airearen ezaugarriak ezagutzeko teknika berriak erabiliko ditugu. Saioan landareak dituzten lorontziak banatuko dira, eta parte-hartzaile bakoitzak balkoi/leiho batean paratu beharko ditu, eta bi hilabetez zaindu”. Ikerketan parte hartzeko eta landareak zaintzeko argibideak emanen dira otsailaren 13ko saioan. Bi hilabeteren buruan landareak jasoko dira eta landareetan metal astunik eta beste mineralik ote dagoen aztertuko da. Azterketaren ondoren, herritarrei proiektuaren emaitzak itzuliko zaizkie.