Gaur hain juxtu, duela bi hilabete, kaleak bete ziren aldarrikapen nagusi batekin: Zaintza denon ardura dela. Denon eskubide ere baden aldetik gizonezkoek ere beregain hartu beharreko lana dela aldarrikatu zuten milaka herritarrek kalean egindako mobilizazioen bitartez. "Administrazioak ere badu zer egin eta zer esan zaintza zaindua izateko: bai zaintza lana egiten dutenen ongizatea zein zainduak behar dutenen egoerari begira ere", esan du Ekhiñe Petriati Mugimendu Feministako kideak. Inflexio puntua izanen zela adierazi zuten azaroaren 30eko greba feminista eta hala izan zela uste dute orain ere. "Zaintza mahaiak sortu dituzte udal zenbaitetan eta zerbitzu komunitarioetan jarri dute soa besteek. Zenbait mankomunitate eta toki entitatek ere 'Zaintza Itunak' sinatu dituzte", azaldu du Petriatik. Pasa den igandean asanbladan bildu ziren Mugimendu Feministako kideak aurrera begira jartzeko: "Bidea egiten ari garela uste dugu. Besteak beste, indar ematen digu ikusteak publiko bilakatu dela Nafarroako zahar etxeetako bat, Elizondokoa", esan du.
Zaintzen itunen alde egitea ezinbestekoa da, baina ezin da paperean sinatuta gelditu, uste dute: "Neurri eta proposamenak egon behar dira praktikara eraman ahal izateko". Epe laburrean tokian toki lan egin behar dela uste du Mugimendu Feministak. Eurek egiten duten lanetik harago, erakundeek eta gainerako eragileek ere jarraitu behar dute tira egiten: "Gizarte eragile, sindikatu, alderdi politiko eta erakundeek ere lan egin behar dute bide horretan", dio Petriatik. Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.