Euskadiko Filmategiak antolaturiko Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamar film proiektatuko dira urtarriletik martxora bitartean Iruñean GOLEM BAIONA zinemetan, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect zinema). Horretaz gain, ikus-entzuleek nazioarteko ospea duten zientzialariekin hitz egin ahal izango dute askotariko gaiei buruz, hala nola bonba atomikoari, adimen artifizialari eta biztanleriaren zahartzeari buruz. Sarrerak webgunean eta leihatilan erosi ahal izango dira, 4 euroan.
Urtarrilaren 16an, asteartean, hasiko da zikloa GOLEM BAIONAN, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmaren proiekzioarekin. Filma Pedro Miguel Etxenikek, EHUko fisikariak, aurkeztuko du. Hitzaldia 18:00etan hasiko da, eta proiekzioa 19:00etan izango da.
Urtarrilaren 23an, Semmelweis (André de Toth, 1940) aurkeztuko du Ignacio López-Goñik, Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoak. Urtarrilaren 30ean, asteartean, Memorias de África (Sydney Pollack, 1985) proiektatuko da. Bertan izango da Juan Ignacio Pérez Iglesias, EHUko eta DIPCko biologoa.
Otsailean, euskarazko azpitituluekin jatorrizko bertsioan proiektatuko diren hiru filmetatik lehena emango da. Hori horrela, otsailaren 6an, asteartean, proiektatuko den La tormenta perfecta (Wolfgang Petersen, 2000) filmak bidea emango digu Onintze Salazarrekin, Euskalmet/Tecnaliako fisikariarekin, meteorologiari buruz hitz egiteko. Urtarrilaren 13an Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) filmaren txanda izango da. Bertan izango da Mari Luz Guenaga, Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa.
1986an Vicente Arandak Tiempo de silencio filma eraman zuen pantaila handira. Otsailaren 20rako dago programatuta, eta bertan izango da Fernando Cossio, EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria. Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) filma otsailaren 27an ikusi ahal izango da, Itziar Vergara IIS Biogipuzkoako medikuak aurkeztuta. Martxoaren 5ean Baby Hezten /La fiera de mi niña (Howard Hawks, 1938) filma helduko da, jatorrizko bertsioan, ingelesez, euskarazko azpitituluekin. Ikus-entzuleek Idoia Mujikarekin, CSICeko eta EHUko CFMko (Materialen Fisika Zentroko) kimikariarekin, hitz egin ahal izango dute.
Martxoaren 12an ikusi ahal izango da jatorrizko bertsioko hirugarren eta azken proiekzioa, frantsesez, euskarazko azpitituluekin: Mars Express (Jérémie Périn, 2023) filmari buruz hitz egiteko Amaia Bernarás Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa izango dugu. Zinema eta Zientzia zikloaren edizio honi Werner Herzog zinemagile alemaniarraren Theater of thought (2022) filmak emango dio amaiera. Martxoaren 19an emango da, eta DIPCko eta Ikerbasqueko fisikari Aitzol García Etxarrik aurkeztuko du.