Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea eginen du gaur kalean bizi zen pertsonaren heriotza salatzeko

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 15a, 08:46

Larunbat goizaldean zendu zen Iruñeko Donibane auzoan kalean bizi zen pertsona bat. Bankuan aurkitu zuen Udaltzaingoak haren hilotza. 'Kapitalismoa hiltzailea' goiburuarekin elkarretaratzera deitu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak. Udaletxeko plazan elkartuko dira 18:00etan. 

Iruñerriko Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuak protesta eginen du 18:00etan Iruñeko Udaletxe plazan asteburuan kalean bizi zen pertsona baten heriotza salatzeko. 'Kapitalismoa hiltzailea' goiburuarekin eginen dute elkarretaratzea. "Basakeria da gertakaria. Gizarte kapitalistari berezkoa zaio halako egoerak existitzea", esan du Euskalerria Irratian Iker Narbona sindikatu horretako ordezkariak. 

"Errealitatetik urrun dago esatea kalean ez dela inor geratzen ari lo egitera", uste du Narbonak. Iruñeko Udalari erreferentzia egin dio baieztapen horrekin eta gaineratu du halako baieztapenak egiteak kalteak baino ez dituela eragiten: "Baieztapen ausarta da. Neurriak hartu dituzte etxegabeen egoerak hobetzeko baina arazo erreala ukatzeko ere baliatzen ari dira". Erakundeek gauzak errotik aldatu ditzaketela adierazi nahi dutela iruditzen zaie Etxebizitza Sindikatuko kideei. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!