Joseba Asiron: "Oraingo honetan ilusio bera, baina heldutasun eta eskarmentu gehiago ikusten dut"

Euskalerria Irratia 2023ko abe. 29a, 12:43

Udal Gobernu berriak aurrekontuak eta agenda soziala ditu lehentasun, Joseba Asiron Iruñeko alkate berriak bere lehen egunean Euskalerria Irratian azaldu duen bezala.

Joseba Asiron Iruñeko alkate berria Euskalerria Irratian izan da Haritz Paskual lankidearen galderei erantzunak ematen.

Haritz Pascual: Atzo ordu hauetan osoko bilkura hastear zegoen.  Zer moduz doa zure lehen eguna berriri Iruñeko alkate moduan?

Joseba Asiron: Esnatu bezain laster elkarrizketa karrusel bat egiten ari gara komunikabide desberdinekin, 12.00etan lehen bilkura egingo dugu eta arratsaldean elkarrizketa gehiago. Atzo une hauek ospatzeko aukera ere izan genuen. Iruñeko peña batean bazkaldu eta han gelditu ginen tarte luze batez, gustura.

H.P.- Bulegoa nola topatu duzu?

J.A.- Oso antzeko. Alfonbra zuri bat jarri dute, batere zikin-estali ez dena, baina gainerakoan aldaketa gutxi. Hori bai, ordenagailuak formateatuta utzi dituzte eta papera eta baita boligrafoak ere eraman egin dituzte.

Orain lanean hasiko gara eta, zorionez, dauden langileak eskarmentu handiko profesionalak dira, baina trantsizio ordenaturik ez da izan. Saiatu arren, azken egun hauetan Cristina Ibarrolak ez dit telefonoa hartzen eta whatssapak ez dizkit erantzuten.

H.P.- Atzo Cristina Ibarrolak esan zuen nahiago duela eskailerak garbitu EH Bilduren botoekin alkate izan baino. Nola baloratzen dituzu hitz hauek?

J.A.- Nik uste dut uneko kontua izan zela eta ez dela berak funtsean pentsatzen duena. Igeritokian oina galtzen duzunean edozein gauza gerta daiteke.

H.P.- Galtzaileei errespetua zor zaiela esan ohi du Jagoba Arrasatek askotan eta ideia hori ekarri zigun gogora atzoko zure  jokamoldeak

J.A.- Bai, eta kontuan hartu behar dugu haiek agian ez dutela dolua egiteko denborarik izan. Guk denbora izan dugu dena ongi pentsatzeko bagenekielako gure momentua iritsiko zela. Gu jada etorkizunean ari gara pentsatzen eta argi dugu guk bezala pentsatzen ez dituztenak ere behar ditugula. Ezin duzu hiria maitatu, hiriaren zati bat gorrotatuz. Normaltasuna berreskuratu behar dugu.

H.P.- Zer gai duzue mahia gainean?

J.A.- Lehen egun hauek oso trinkoak izango dira.

Argi dago lehen puntuetako bat dela aurrekontuak onartzea, horiek gabe gauza handirik ezin delako egin.  Agenda sozialean etxebizitza plan bat dugu oso zehaztua eta honekin batera irtenbide bilatzea kalean dauden pertsonentzat.  Gustatzen zaigu azpimarratzea zer nolako  bizi kalitatea dugun gure hirian, baina oraindik dago jendea kalean lo egiten. Hori ezin da onartu.

H.P.- Zer irtenbide eman ahal zio honi?

J.A.- Baliabideak eman behar zaizkie pertsona hauei eta horretarako Gobernuarekin kontatu behar dugu. Hori da orain arte egin ez dutena, Udala Gobernuari oposizioa egiteko erabili dutelako. Erakundeak arazoak konpontzeko gaude eta baliabide publikoak mobilizatu behar dira.

H.P.- Elkarbizitza da zuen programaren zutabe nagusietako bat.

J.A.- Bai, eta atzo Iruñean denok jaso genuen elkarbizitza lezio handia. Pentsamolde desberdinetako hiritarrak bildu ziren plazan eta ez zen istilurik izan. Argi ikusi zen berriro kalea politikoen aurretik doala. Elkarbizitza sustatzea nire lehentasunetako bat eta nire konpromiso pertsonala.

H.P.- Nola egin daiteke hori?

J.A.- Hasteko besteak errespetuz tratatuz. Politikoak gara, instituzioetan gaude eta eredugarri izan behar dugu. Elkarrizketa da bide onena eta horretarako hizketarako foroak sortu behar dira.

H.P.- Ikurrina ikusiko dugu berriz Udalaren balkoian?

J.A.- Ikurrina beti egon da hemen modu batez edo bestez. Franco hil baino lehen ikusi genuen eta baita 77an mastetan, modu ofizialean. Beste  batzuetan, aldiz, kalean eta pertsegitua ikusi izan dugu. Orain mastan ezin da eskegi ikurren legea dela eta baina Udaletxean ikusiko dugu. Legea errespetatuko dugu, baina segituko dugu borrokatzen hori aldatzeko.

H.P.- Zer aldatu da azken hilabeteotan egoera honetara iritsi ahal izateko?

J.A.- Prozesu bat izan da. Hauteskunde gautik kontziente ginen hori bukaera baino abiapuntu bezala hartu behar genuela. Indar aurrerakoiek ikuspegi bera genuen eta aldaketak etorri behar zuela sinetsiak ginen. Orain urak gainezka egiteko unea iritsi da

H.P.- EH Bildurekin hitzarmenik ez egiteko Elma Saizen hitzak nola hartu?

J.A.- Legealdia hasi zenetik oso elkarlan polita egin dugu PSNrekin eta Elma hemen zegoela ere bai. Ez dakit zergatik esan zuen hori baina argi zegoen gertatu dena gertatuko zela eta erregimena eroriko zela. Horrek kokatzen gaitu oso une garrantzitsuan: eredu honek funtzionatzen duela eta esportagarria dela ari gara erakusten.

H.P.- Noiz hasi zineten zentsura mozioaz hitz egiten?

J.A.- Sanchezen inbestidura eta gero. Dena negoziatu da hemen Iruñean eta Iruñerako.

H.P.- Zer gertatu da PSNren baitan?

J.A.- Bilakaera bat egon da PSN eta PSOEn eta inork ez digu ezer oparitu. EH Bilduk dagoen tokietan egoteak irabazi du. Estatu mailan benetan fidagarria dela eta dagoen tokietan bizi kalitatea igo dela erakusten du aldioro.

H.P.- Jada ez zarete marra gorria?

J.A.- Hala espero dut. Gorriak bai, baina marra ez.

H.P.- Nolakoak dira harremanak Geroa Bai eta Zuekin-ekin?

J.A.- Lanean gaude, oso gertu, eta oso lankidetza bizia dugu.

H.P.- Zure lehen legealdia alkate bezala ez zen lore bide bat izan. Zer ikasi zenuen?

J.A.- Aldatzeko beti prest egon behar dugula. Beti esaten dut gauero aldatu beharko genukeela egunez egindako zerbait. Oraingo honetan ilusio bera, baina heldutasun eta eskarmentu gehiago ikusten dut.

H.P.- Zertan nabarituko dugu azken bost urteotako Iruñearen paralisia?

J.A.- Aurrekonturik gabe egon gara ez direlako gai izan  akordiotara iristeko eta haiek gabe hiriak ez du funtzionatzen. Gelditasun hori eta irizpide falta nabarmentzen dira afera askotan: Gurutze Plazako aparkalekuan,  Beloso kaleko proiektuan… edo azken unean deitutako osoko bilkura horretan, bere garaian egin behar nahi ez zutena.

Kezka handia izan dute irudiarengatik, baina isilpean egiten den lan hori falta izan da.

Orain da hainbat proiekturi heltzeko unea.

H.P.- Gurutzeko Plazako parkinaren proiektuarekin zer egingo da?

J.A.- Bertan behera geldituko da. Horretan indar aurrerakoi guztiok ados gaude. Aparkatzeko arazoaz mintzatuko gara eta ikusiko dugu zer irtenbide dauden. Mugikortasunari dagokionez zerbait ikusi badugu izan da Pio XIIak funtzionatzen duela. Mayak izugarrikeriak bota zituen eta gero ez zuen deus ere ukitu. Orain proiektu hau amaitu behar da.

Bestalde erraztu behar da bide gorrien arteko komunikazioa. Errentagarria izan behar du bizikleta hartzeak. Honetan ere nahikoa adostasuna dago indarren artean.

H.P.- Sanduzelairako zer proposatzen duzue?

J.A.- Ezin dena da orain arte bezala adabakiak jartzen egon. Honek irtenbide sendoa eskatzen du. Trafikoa aldendu behar da eta neurriak hartzen hasi behar dugu. Ideien lehiaketa egin behar dugu eta teknikariek esan dezatela zer den onena. Ezin da auzo bat eduki lau zatitan.

H.P.- Eta Erripagainarako?

J.A.- Eskuinak etxebizitza negozio bezala ulertzen dute, baina zerbitzuak ere behar dura. Iruñean gelditzea gustatuko litzaidake. Hori nire nahia da, baina hitz egin behar da, jakina. Burlatako eta Uharteko alkateak era EH Bildukoak izateak gauzak erraztuko dituela uste dugu.

H.P.- San Ferminak nolakoak izango dira?

J.A.- San Ferminak urte osoan zehar prestatzen dira eta horretan ari gara. Jendeak gauzak erabakitzea eta protagonista izatea da gure eredua. Herritarrak dira festaren protagonistak eta festak ezin dira  botilatu.

Saiatuko gara gure zigilua uzten, baina festa parte hartzailea berreskuratzen saiatuko gara, denok gustura eta seguru senti gaitezen.

H.P.- Bukatzeko: San Fermin Ikastolako zure ikasleek nola hartu dute berria?

J.A.- Prentsaren bidez jakin dute eta asko baziren atzo plazan. Zoragarriak dira. 61 urterekin ez dakit itzuliko ote naizen klaseetara, baina egingo banu  oraingo ikasle horiek jada ez lirateke egongo.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!