Bi bertsolari izanen dira finalean lehenengoz: Sarai Robles eta Saats Karasatorre. Lehena, pozik eta ilusioz; bigarrena dagoeneko urduri ere bai. Gainerakoek eskarmentua dute, geihena, Julio Sotok: hamaikagarren finala izanen du iruindarrak.
Nafarroako Bertsozale Elkarteko Lehendakaria, Nerea Bruño, bertsolaritzaren osasunaz mintzatu da: "Sendo, osasuntsu eta anitz agertu da Nafarroako Bertsolaritza. Zortzi finalistak dira horren erakusle". Txapelketa auzolanaren eta lankidetzaren eredu izan dela gaineratu du. Egindako lanarekin kontent, ñabardura bat eta hobetzekoa ere badela onartu dute: "Parekidetasunetik urrun gaude, finaleko irudian bi emakume baino ez baitaude oholtzan". %17 baino ez dira izanen emakumezkoak 2023ko finaleak: Saioa Alkaiza eta Sarai Robles.
Alaitz Rekondok jarriko dio txapela irabazleari
Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi du nork jantziko dion txapela buruan abenduaren 2ko finalean irabazleari: Alaitz Rekondok izanen du ohore hori. Rekondo batez ere gai jartzaile lanetan egindakoagatik da ezagun baina aspalditik du lotura bertsolaritzarekin. Hamabi urte izan da Nafarrako Bertsozale Elkarteko Lehendakaritzan eta otsailean Lehendakari kargua utzita eskertza modua izanen da txapela txapeldunari jartzeko aukera.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako Final handirako oraindik ere eskura daitezke sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan Anaitasunako lehiatilan arratsaldeko 3etatik aurrera.